SORTERRIRA, ARGAZKI ERRALDOIA MUNIRENTZAT.

Erabiltzailearen aurpegia SORTERRIRA 2015ko aza. 25a, 00:34

Muni, aste honetan espetxean 20 urte bete dituzu azaroko egun hartan atxilotu zintuztenetik. Ordutik Frantziar eta Espainiar Estatuetako espetxeak ezagutu dituzu, Euskal Herriaren kontrako borrokan Gobernuek mantentzen duten dispertsio politika hau pairatzen.

Urte luze hauetan, 91. urtean alde egin genuenetik, gure herri maitean gauzak asko aldatu dira soziologikoki, politikoki... Beste batzuk, euskal preso politikoei ezarritako espetxe politika kasu, berdinean diraute. Gatazka luzatzea helburu duen biolentzia da hori, konponbiderik nahi ez duena; baina inteligentziaz, pazientziaz eta ausardiaz gainditzea lortuko duguna.

Nik neuk, irtetean herria oso aldatuta ikusi dut; PNV, PP eta PSOEren interes politiko eta ekonomikoen ikur den hazkunde-urbanistikoa, besteak beste. Lagun zahar eta berriak aurkitu ditut eta beste batzuen hutsunea sentitu ere bai. Militantzia gazte, dinamiko, trebatu, irekiarekin topatu naiz, beste kultura politiko bat duen militantziarekin. Egunero ilusioz lan egiten duena, dentsitate eta ezaugarri propioengatik konplikatua den herrian; gabeziei eta aldaketa sozialei aurre egiten saiatuz, dinamika ezberdinak aktibatuz. Eurak ezagutzea eta eurekin lan egitea aberasgarri eta itxaropentsua izaten ari da.  

Zure egoera, baita sakabanatutako beste hainbat kiderena ere, salatzeko egunotan ekimen ezberdinak antolatu dira, mobilizazioak, mozioa Udaleko Osoko Bilkuran... Denak gure elkartasuna eta maitasuna adierazteko, eta, beste behin ere, sozializatzeko Preso Politikoen Kolektiboak pairatzen duen espetxe politika krudela: bakartutako kideak, espetxe ezberdinetan banatuta dituzten bikoteak komunikatzeko eskubidea eta euren seme-alabekin harremana izateko eskubidea ukatuz, isolamendua, gaixotasunak, istripuak, Frantziako kondena urteen akumulazioren ukazioa Europako legedia beste behin ere urratuz... Neurri horiekin guztiekin, bukatzea eta zuon guztion Euskal Herriratzea dira gure lehentasunak, zuen askatasunerantz bidean.

Etengabeko mugimenduan dagoen herria da hau, egunez egun Presoen Kolektiboaren eta eraikuntza nazionalaren alde lanean jarraitzen duena. Argi dago dena ez dela behar bezala egin, zuen askatasunerako ekimen sozialak hobetu, bultzatu, aktibatu, zabaldu eta aldarrikatu behar ditugu. Gatazka politikoaren konponbidea ez da inoiz erraza  izan, are eta zailagoa inolako borondaterik ez duen gobernu baten aurrean gaudenean. Horregatik, oinarrizkoa da herri moduan indarrak batzea, gatazkaren konponbidean eta nazio eta gizarte eraikuntzan. Inork ez baitu guk baino nahi handiagorik gure preso eta iheslariak etxera etortzeko. Lehenbailehen izan dadila, zuen duintasun pertsonal eta politiko osoen jabe.

Duela hilabete batzuk jaio zen Sorterrira Algortan; zortzi preso politikoen errealitatea kalera atera nahi duen herri-ekimena da. Euren lana izango da senideak babestea, herriko jendearekin horizontalki harremantzea, zuen errealitatea eta Kolektiboaren preso guztien izaera politikoa ezagutu dezan, baita dispertsioa salatzea ere.

Bestalde, itxaropentsua da ere Ezker Abertzalean hasitako eztabaida denon artean gure helburuetara aurrera egiten jarrai dezagun, auto-kritikatik akatsak ongitu ditzagun, herria eraikitzeko. Beharrezko eta aberasgarria den eztabaida, herriz herri, denon artean bide hau egin dezagun, borrokan urte luzeetan pilatutako kapital politiko eta giza kapitala erabiliz. Amnistiaren alde borrokatzen jarraitzeko ilusio eta indarra daukagu,  betiere, Amnistia ziklo politiko-militar baten bukaeran eta Zutik Euskal Herriaren osteko beste fase baten hasieran kokatuta. Eta ez Amnistia konfrontazio klabeetan ulertzen duten dinamikak sustatuz, borondate politikoak batzetik urrun, Ezker Abertzalea zein Euskal Preso Politikoen Kolektiboa zatitu eta banatu nahi dutenak  bezala.

Azaroaren 28an, goizean, Algortan, argazki erraldoi bat egingo dugu zure egoera salatzeko dinamiken artean. Eta arratsaldean, aurretik azaldutako guztiagatik, ez naiz Bilbora joango.

Bitartean, hemen itxarongo dizut, dizuegu, lagun zahar eta berriak konpartitzeko, denon artean Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko.

Besarkada bero bat, Muni. Gora gu ta gutarrak! 

Gorka Garcia Sertutxa, "Patas". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun