Eustakio Mendizabali; erailketaren 43.urtemugan

Erabiltzailearen aurpegia SORTERRIRA 2016ko api. 19a, 10:47

Eustakiori; Sarri pentsatu izan dut zer galdetuko nizukeen garai haietaz, edota zure bizitzaren ze pasarte eta borrokaren zein zirrikitu arakatuko nukeen. Izan ere, askok ere ez dugu izan zu ezagutzeko aukera. Askorentzat, gutxi ez bada ere, kanta ederra zara, olerki sakona, askatasun haizea.

Zuri buruz bertsoek, zenbait liburuk eta herriak irakatsi digu, zu ere beste batzuen artean gure eskolako liburuetan ezkutatu zaituzten horietako bat zara;  herri honetako askapen nazional eta sozialaren bidea urratu zuten/duten beste hainbeste emakume zein gizonen inguruan bezala, itzalpean jakin izan dugu zuri buruz.

Milaka aldiz abestu zaitugun olerkia zara,  “Txikia zuen guda izena…” Gutariko askok Telesforo Monzonek idatzitako bertsook izan ditugu irakasgai ume, nerabe zein gazte garaian. Bertso horiek irakatsi ziguten Eustakio Mendizabal zinen hori, Txikia izateaz gain, bizkorra ta lerden ere bazinela.  Eta doinu  zirraragarri horien bidez jakin genuen basatzan, borrokan hil zintuztela, gure herrian, Algortan, 1973ko apirilaren 19an,  orain dela 43 urte.

Eta ez hori bakarrik, herri honek belaunaldiz belaunaldi helarazitako kontakizunari esker jakin badakigu militante sutsua izan aurretik olerkari eta euskaltzale amorratua izan zinela.  Euskal Herriaz olerki ederra sortzeko konpromisoa hartu, eta bururaino eraman zenuela.

Poliziatik ihesi zindoazen ostegun santu hartan  eta borrokaren gorriak eraman zintuen  bizitza galtzera, 28 urte eskas zenituela. Baserriko gizona izanik, mendian aske ei zenbiltzan, mendia non zegoen begiratzen zenuen lehenik eta behin, edonora joanda ere. Horrez gain, kontatu izan digute pertsona fina, langilea, borondatetsua, sutsua zein intuizio handikoa zinela. Eta istorio orok, Txikia, zugana gerturatzen gaitu.

Gure herria itotzen zuen/duen erregimenetik askatzeko gogoak eraman zintuen borrokara, independentzia eta sozialismoa hautu izan zenuen. Oraindik ez dugu garaipena eskuratu, Txikia, baina egunero irabazten dugu; batzuetan ere, galdu.

Bitartean baina, borrokak aurrera darrai, izan ere, ondo jakingo duzun bezala, bidea ederra bezain harritsua da; halere, aurrera goaz. Herri honek ez du ahazten zer den, zer izan zen, eta zer izan nahi duen. Ez zaitu zu ere ahazten, belaunaldiz belaunaldi olerkia xuxurlatzen segitzen dugu goxotasunez, indarrez eta maitasunez.

Gure ondorengoek jakin dezatela, eta ez diezaiotela poesia egiteari utzi, ametsak sortzeari utzi. Horregatik zuri buruz hitz egiten jarraituko dugu, euskaldunon zapalkuntzez eta  horiei aurre egiteko borrokaz ere bai.

Hitz egitea, esatea, kontatzea, xuxurlatzea, aldarrikatzea dugu bide; ez zu, ez inor  ahaztu ez dadin, ahoz aho kontatzen diren herri-liburuetan zure izena eta izana letra larriz idatz daitezen .

Eta zuk, gure artean ja ez diren euskal militanteek bezala, landatu zenuen hazia haritz sendo bihurtzean, adar bihurtuko zara, adar bihurtuko zarete. Lasai, egunero, landara ureztatzen gabiltza eta.

JTK irabazi arte! Gora Txikia!

Algortako Ezker Abertzalea

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun