Imajina ezazu. Arantza zara, neska bat, bistan denez. Puerto III espetxeko bakartze moduluan zaude: isolamenduan. Han dauden guztiak gizonezkoak dira, zu izan ezik.
Goizeko 07:45ak. Zure ziegako (10m2) atean dagoen leihatila altxatzen da, eta gizonezko baten bi begi ikusten dira. «Zure bila». Zuk zutik egon behar duzu (pijamaz edo), berak «onik» zaudela egiazta dezan aitzakiapean. Badoa. 08:15ean edo, atea irekitzen da. Espetxezain bat eta «ordenantza» bat (funtzionarioen konfiantzazko presoak dira hauek) euren laguntzaileak. Biak gizonezkoak. Ziega garbitzeko tresnak ematen dizkizute, gosaria ere bai. Lau hitz, ozta-ozta patiora aterako zaren ala ez jakiteko, eta «dendatik» zer behar duzun adierazteko, edo jostorratza, artazitxoak, eskatzeko.
09:15ean edo, patiora. Ziegako atea zeharkatu, 10 pauso, eta funtzionario emakumezko bat duzu zain. Berak egingo dizu ukimenezko miaketa, bai, baina beste hiru edo lau gizonezkoen begiradapean.
Poltsan ateratzen duzuna begiratuko dute. Eta badoaz. Artean, normalean hitz bat ere ez, «egun on» bat akaso. Eta ondo-ondoan dagoen patiora ateratzen zara. Bakarrik zaude, eta bakarrik emango duzu egun osoa. Patioa 6x12 metrokoa da, hormek sei bat metroko altura dute, eta goian metalezko sarea dago. Urtaroaren arabera, eguzki argia apenas sartzen den. Horixe da zure kaiola. Komun txiki bat ere badago, aterik gabe, edonoren begibistan barnealdea, aterik ez baitu. Eta patioa eta ondoan dagoen gela (pare bat aulki eta mahai bat), etengabean daude kontrolpean, kameren bitartez. Intimitaterik ez, beraz. Eta kamerak zaintzen dituztenak gizonezkoak... Hor ematen duzue goiza, kirola hala edo hola eginez. Eta eskerrak gaur goizez atera zaren! Atzo arratsaldez atera zinen, eta bihar berriro arratsaldez egokituko zaizu. Goiza ziegan emanez gero, ziegaren gainean dagoen aire-erauzkailuaren motorrak burrunba etengabea egiten du, 08:00etatik 14:00etara arte, burua mailukatzen dizuna, eta, gainera, ezer egitea zaila egiten duena.
Goizean zeha , bi «une berezi». Batean, ordenantza eta funtzionario bat etorriko zaizkizu, «dendatik» eskatutakoak ekartzeko, eta agian, prentsa atzeratua ere. Eman eta jaso, hitzik ez, ordenantzek erdi debekatua baitute presoekin hitz egitea, eta, gainera, zuk ez duzu eurekin harreman handirik, susmoa dago horietako batzuk genero delituak direla medio izan direla zigortuak, eta modulu honetan nagusi dira giro matxista eta bortitza, diziplina...
Bigarrena bada berezia. Funtzionarioak eskuragarri daudenean, telefonoz deitzera eramango zaituzte (astean 5 minutuko 8 dei dituzu); zure patiotik 5 metrora dagoen telefonora.
Etxekoekin hitz egin, eta atzera patiora. Lau orduak pasatu dira, 13:15 dira, beraz, eta ziegara zoaz. Hor emango duzu gaurko gainontzekoa, eta biharko goiza. Tartean, «gizaki mutuak» ikusiko dituzu; funtzionario berdinak, eta ordenantzak; bazkaria eta afaria emateko (ziegako atea ireki gabe), eta, gauean zutik berriro, ziegan zaudela ikusteko.
Oso noizbehinka neskaren bat ekartzen dute zure ondoko ziega horietako batera, zigor egun gutxi batzuk egiteko. Baina ez zarete patiora elkarrekin aterako. Agian leihoz leiho hitz egin dezakezue, baina maiz zaila da emakume horiekin (botikapean...) ganorazko elkarrizketarik izatea.
Eta noizbehinka, patiora atera eta gero, espetxe zaindari bat sartuko da zure ziegan, batzuetan kuxkuxeatzera, batzuetan araketa sakona egitera; zure ondasunak (gutunak, argazkiak, barne jantziak...) arakatu eta, gauzak ongi, toki berean utziz.
Eta eguneroko errutina suntsitzaile horretan, larunbatak! Bisita eguna, ziegatik atera, eta 20 metrora dauden mintzatokira eramango zaituzte. 40 minutuko bisita (edo 90 minutuko aurrez aurrekoa), eta atzera ziegara, bakartasunera.
Eta horrela bi urte eta erdiz. Etxetik 1.100 kilometrora. Salbuespenezko bizi baldintzak dira zureak, hain denbora luzez gutxik pairatu dutena, benetan zure agorpen edo higadura bilatzen dutenak. Bizi baldintza horiek legez kanpokoak dira, bai, baina eragileek ez dute egoera zuzendu nahi.
Imajina ezazu orain testu honen irakurlea zarela, eta pentsa ez ote duzun zure esku, aukerarik, hau salatu eta amaiarazteko, nora jo edo zerbait egiteko. Horretarako, Puerto IIIko EPPK-ko kideok webgune bat ireki dugu; www.arantza-sos.eus anima zaitez bertara sartzen, eta, zuek-gu elkarlanean, egoera larri hau iraul dezagun.