20 urte Javi eta Gorka gabe. ASKI DA!

Erabiltzailearen aurpegia SORTERRIRA 2017ko aza. 29a, 22:49

Uribe Kosta eskualdeko bi presok, Urdulizeko Gorka Martinezek eta Algortako Javi Gallagak laster 20 urte beteko dituzte espetxean. Egoera hau salatzeko, Urdulizen zenbait ekitaldi antolatu dira. Algortan, berriz, eskualdeko manifestazioa deituta dago Abenduaren lehenean arratsaldeko zortzietan Telletxeko plazan.

Deialdi honen helburua, estatuak euskal presoen kontra darabilen mendekuzko espetxe politika salatzea da. Javiren eta Gorkaren egoerak horren adibide dira.

Salatu nahi dugu Gorka eta Javi sakabanaketaren biktima direla. Beren senideek 1600 eta 1400 km egin behar izaten dituzte A Lamara eta Cordobara joateko hurrenez-hurren, dena 40 minutu eskaseko bisitaldia egiteko. Egoera are larriagoa da kontuan izanik Gorkaren gurasoek 80 urte inguru dituztela eta Javiren amak 85etik gora.

Salatu nahi dugu estatu espainolak ez dituela aintzat hartu nahi, kontaketa egiterako orduan, preso hauek estatu frantsesean dagoeneko bete dituzten kondena urteak.

Egoera hau salatu eta estatu espainolak bere lagunei, Barrionuevo, Galindo eta gainerakoei, lotsagabeki ezarritakoarekin alderatu nahi dugu.

Nahikoa dela esan nahi dugu. Mendekua ez dela bidea. Inposaketa ez dela bidea. 155 artikuluak ez direla bidea.

Herriarentzako etorkizun berria eraiki behar dugu, gaurdanik hasita. Javiren ama, Toñi, eta Gorkaren gurasoak, Asun eta Josean, besarkatu eta beraiekin batera, beren semeak ahalbait arinen etxera ekartzeko lanari ekin behar diogu.

Luzapenik gabe, etxean behar ditugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun