Ehunaka herritar, Javi eta Gorkaren askatasunaren alde

Erabiltzailearen aurpegia SORTERRIRA 2017ko abe. 3a, 22:40

Abenduaren 1ean, 320 pertsona inguru bildu ziren Javi Gallaga algortarrak eta Gorka Martinez urduliztarrak 20 urte espetxean daramatzatela salatzeko. Manifestazioan zehar, horien askatasuna aldarrikatzeaz gainera, Ibon Iparragirre preso ondarrutarra ere gogoan izan zuten.

Joan den ostiralean eskualde mailako manifestazioa egin zen Algortan. Mobilizazioan zehar eskualdeko bi preso politikok bizi duten egoera salatu zuten. Izan ere, Javi Gallaga algortarrak eta Gorka Martinez urduliztarrak 20 urte bete dituzte espetxean eta dispertsatuta. Bestalde, manifestazioaren bidean Ibon Iparragirre preso ondarrutarraren kaleratzea eskatzen zuen pankarta bat atera zuten hainbat solidariok.

Gorka Martinezek berak bat egin zuen ekimenarekin, ekitaldian irakurri zen gutun baten bidez. Testuan manifestazioarekin bat egindako guztiei eskerrak adierazi eta, bera eta Javi ez ezik, preso politiko guztiak gogoan izatea eskatu zuen. Ekitaldian senideak omendu zituzten baita ere.

Javi Gallaga eta Gorka Martinezen egoera:

Javi Gallaga Kordoban dago preso, Euskal Herritik 1.400 kilometrotara. Bere amak, 40 minutuko bisita egin ahal izateko, bide hori egin behar izaten du joan-etorrian, eta jada 85 urtetik gora ditu. Preso algortarrak hainbat urte eman zituen bahituta Estatu frantsesean, baina Estatu espainolak ez ditu aintzat hartu nahi kondenaren luzera kontatzerako orduan.

Gorka Martinez A Laman dago preso, Euskal herritik 1.600 kilometrotara. Bere gurasoek 80 urte inguru dituzte jada, eta sakabanaketa politikak bidaia luze hori egitera behartzen ditu. Javiren kasuan bezala, Gorkak kondena bete zuen Frantzian, eta Estatu espainolak ez du kontuan hartu nahi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun