Xabier Rey Urmeneta preso politikoaren heriotza salatu dute ehun bat pertsonek Algortan

Erabiltzailearen aurpegia SORTERRIRA 2018ko mar. 7a, 23:36

Kalera dinamikak deitutako mobilizazioan, ehun pertsona inguru batu dira "Antxoren" heriotza naturala izan ez dela salatzeko. Bertaratutakoek Xabierren heriotzaren erantzule bezala seinalatu dituzte espetxe politika eta Alderdi Popularra.

Hainbat eta hainbat lekutan antolatu dira preso politiko iruindarraren heriotza salatzeko ekimenak, Euskal Herri osoan bezala Uribe Kostan ere. Euren artean, Algortan manifestazioa antolatu du Kalera dinamikak. Mobilizazioa 20:00etan atera da Telletxe plazatik, eta "herriak ez du barkatuko", "presoak kalera, amnistia osoa" edo "Agur eta Ohore Eusko Gudaria" bezalako oihuen artean egin du bide osoa.

Amaierako ekitaldian, hitza hartu du bertaratutako kide batek. Irakurritako testuan, heriotza hori naturala izan ez dela salatu dute, eta erantzule zuzenak dituela, besteren artean Alderdi Popularra eta espetxe politika kriminala. Horrez gain, larunbatean Iruñean antolatutako manifestazio eta ekitaldira joateko deia egin dute. Hain zuzen ere, bidaia errazteko autobusak antolatzen dabiltza Uribe Kostan. Ohiko lekuetan dago apuntatzeko aukera (Algortan Hator tabernan).

Irakurritako testu osoa:

Dolu uneak dira. Xabier Rey Urmeneta euskal preso politikoaren heriotzak atsekabez bete gaitu. Era berean, gogoeta egiteko unea ere bada, Antxoren heriotza ez baita naturala izan.

Xabier Rey atxilotu zutenean, gogor torturatu zuten. Urrundua zuten, etxetik 1.000 kilometrotara. Isolamenduan zuten, lehen graduan, 22 orduz ziegan. Bere tortura, beste askorena bezala, hamar urtez luzatu dute. Izan ere, bera bahituta eduki duten espetxe berdinean dagoen Aitor Cotano herrikideak hamar urte beteko ditu aurten espetxean. Bere egoera berdinean ditugu Arkaitz, Tortu eta Guti baita ere.

Xabierren heriotzak izen abizenak dauzka: salbuespeneko espetxe politika eta Alderdi Popularra. Xabier ez da hil. Xabier hil egin dute.

Ezker Abertzaleak jakin badaki heriotza hau saihestu zitekeela. Alde batetik, torturapean lortutako autoinkulpazioen ondorioz zigortu zuten Rey. Beraz, ez zuen kartzelan egon behar. Bestetik, politika penitentziarioa egokitu balitz, dagoeneko 3.en graduan egon zitekeen, baimen bidez ateratzen. Eta ziurrenera, ez zukeen egingo egin duena. Desesperazio ekintza bat baita egin duena. Infernu horri ihes
egiteko modu bakarra.

Hori guztia dela eta, Ezker Abertzaleak exijitzen du torturapean lortutako autoinkulpazioetan oinarritutako sententzia guztiak errebisatzea. Era berean, politika penitentziarioaren amaiera exijitzen dugu. Bide-orri bat adostea planteatzen dugu, lehenbailehen bukatzeko urrunketarekin eta lehen graduarekin. Salbuespeneko legedia honek amaitu behar du. Izan ere, legedi arrunta aplikatuta, justizia trantsizionalean oinarritutako neurrien bidez presoak kaleratzeko aukera egon badago. Zeren eta ez dago normalizazio politikorik, ez dago soluzio justu eta iraunkorrik ehunka preso dauden artean.

Hemen biolentzia asko egon dira, biktima asko. Baina Estatuaren biolentziak jarraitzen du. Antxo Estatuaren biolentziaren biktima horietako bat dugu. Ez dugu biktima bakar bat gehiago ere nahi. Jakin badakigu saiatzen ari direla errelato bat inposatzen, garaileena eta garaituena, justuena eta injustuena, onena eta txarrena. Horregatik argi diogu: oinarri horien gainean ez dago soluzio justu eta iraunkor bat eraikitzerik.

Antxo lasai eta duintasunez agurtu nahi dugu. Alderdi Popularrari eskatzen diogu, bizirik direnak errespetatzen ez dituenez gero, errespeta ditzala gutxienez bere erruz hildakoak.

Gora Eusko Gudariak!
Agur eta Ohore, Antxo!

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun