Urte horietan genbiltzala eraman zintuzteten laurak urrun, Guti, Arkaitz, Tortu eta Cotano, guztiontzat hain ohikoa den ziklo errutinako honetatik kanpo. Zuen bizitzaren zikloa mozteaz gain, besteena ere era diferituan jarraitzera kondenatu zintuzteten. Eta gu, zuekin batera baina zuekin gabe, ziklo hori birmoldatzen saiatu behar ginen, urruntasuna eta zuen falta hori buruan sartuz. Inoiz ere horretara ohituz. Bakarrik bidaiari izatea nahi duzun bizitza berri horretan pixkanaka murgilduz.
Garai mugituak eduki genituen garai hartan kuadrillan, euskal gazteentzat prestaturiko Erasmus bereziak ezagutu genituen. Kalean geunden lagunen zifrak hilabetero aldatzen ziren, batzuk joan, besteak etorri, besteak itzuli ez. Poliziaren gorrotoa ere zuzenean sufritu genuen: Jarraipenak, tortura. Baina une horietan ere, beldurra, pena eta buruko desordena horrekin batera ezagutu genituen benetako maitasuna, etxekoen berotasuna, babesa, indarra. Eta laguntasuna. Momentura arte izandako bizitza zoro eta inuzentea oroitzapen bihurtuz.
Zuekin egoteko momentua aukeratu, zehaztu eta buruan presente dago bisitan bertan egon arte. Luze egiten den prozesua, "flash" moduko une baten pasatzen dena, berezia bada ere: kristal atzean ikusten zaituztegunean, izozkailutik aurrez eginiko janari horietako bat ateratzea modukoa da. Minutu batzuetan atera, ikusi, aztertu, eta berriro barrura, hurrengo aldira arte. Nahi izanda ere, dastatzeko aukera izan barik. Izoztutako denbora. Mundu paraleloa. Lagun batekin egun oso baten denbora igarotzeko, urte batzuk behar ditugu.
Baina jakin ezazue, zuek urrunduta gure harremana eta babesa izoztuta hiltzen saiatu diren moduan, guk ere izoztuta mantendu ditugula (ez badira handitu) gure laguntasuna, indarra, babesa, berotasuna eta maitasuna. Beti gaudela eta egongo garela zuen zain, aurrera begira. Hementxe gaude behar duzuenerako. Aupa zuek, egurre!!