Aski da! Denbora gehiegi daramate espainiar eta frantziar kartzeletan, bakartuta, isolatuta, baldintzarik gogorrenetan. Hemen gatazkarik ez dela inoiz existitu esango dute, eta ez dela preso politikorik. Orduan zergatik aplikatzen dizkiete salbuespeneko neurriak? Jakin badakite legedia arrunta aplikatuta preso gehienak kalean egongo liratekeela. Nola edo hala hamaika gizon-emakumeren sufrimendua luzatzen dabiltza.
Aski da! Urrunegi dauzkate. Espetxe politika aldatuko dela esan bai, baina presoen, lagunen eta senitartekoen bizitzekin jokatzen ari dira. Haien guztien sentimenduak, ilusioak eta beldurrak manipulatzen ari dira. Maltzurregi, zitalegi dihardute: presoak ez ateratzeko oztopo berriak asmatzen dituzte; era guztietako trikimailuak darabiltzate. Exijentzien langa etengabe igotzen dute presoen kaleratzea eragozteko.
Aski da! Herri honek bakean eta bizikidetzan eraiki nahi du bere geroa. Estatuetako hainbat aparatu apropos tematu dira gatazka luzatzen, horrek Ebrotik behera etekinak ekarriko dizkielakoan; ez dute eskaintza demokratikorik herri honentzat; ez dute irtenbide baketsurik nahi. Azken batean, beldur diote herri honek bere geroa modu libre eta demokratikoan erabaki dezan. Horregatik dituzte kartzeletan, bahitu politiko modura, prozesua bera geldiarazteko.
Bada garaia presoen, iheslarien eta deportatuen aferari behingoz irtenbide bat emateko. Etxera ekarri behar ditugu guztiak, errepresaliatu politikoak dauden bitartean ez baita bake eta bizikidetzarik. Horregatik da garrantzitsua kalera irtetea, sakabanaketarekin eta lehen graduarekin amaitzeko; gaixorik daudenak, hiru laurdenak beteak dituztenak eta edadetuak ateratzeko; iheslari eta deportatuak itzultzeko; guzti-guztiak etxera ekartzeko. Urtarrilaren 12an zita garrantzitsua dugu Bilbon eta Baionan. Mobilizatzen ez bagara estatuek ez dute urratsik emango.
Etxean eta onik behar ditugu, lehenbailehen. Bada garaia.