Zure faltak mintzen gaitu. Baina oinaze horrekin batera, poza eta zu ezagutu izanaren harrotasuna geratzen zaizkigu. Gaztarotik, saltsa guztietan ibili zara. Herri hau antolatzen eta autogestinatzen hasi zenean, eltze guztietako zale: Portu Zaharrean jai herrikoiak aldarrikatu eta martxan jartzen, Kantarepeko kuadrila enblematikoan, arrauna eskuetan edota zuzendaritza lanetan gogoz indartu duzun Algortako zure arraun-klub maitean, eta grisetatik zein berdeetatik ihesi amnistiaren aldeko manifestazioetan. Guti, zuk utzitako aztarnak, ez dio lekurik utziko ahanzturari. Horregatik, beti egongo zara gurekin.
Besarkada bero bat Rosa emazteari, espainiar kartzeletan bahituta daukaten Guti zure semeari, eta baita familia zein lagunarte osoari. Plazer bat izan da bidean zurekin topo egitea. Adiorik ez!