Maite Basabe eta Maialen Zuazo

"Otsailaren hasieratik ezin izan gara Arkaitz ikustera joan eta oraindik ez dakigu noiz joan ahalko garen"

Erabiltzailearen aurpegia SORTERRIRA 2020ko eka. 8a, 13:27

Ia hiru hilabete igaro dira Covid-19 aren ondorioz, gure bizitzak hankaz gora jarri zirenetik. Orain, konfinamenduaren deseskaladan murgilduta gaudela, nola eragiten die egoera honek euskal preso politikoei eta euren senideei? Arkaitz Goikoetxea preso politikoaren senideekin honen inguruan hitz egin dugu; Maite Basabe amarekin eta Maialen Zuazo bikotearekin.

Zer suposatu izan du konfinamenduak zuentzat? Nola bizi izan duzue?

Maite Basabe: Arkaitzen ama naizen heinean, tristuraz eta ezinegonaz bizi izan dugu. Informazio falta handia izan dugu, eta jasotzen genuen bakarra berak telefonoz helarazten ziguna zen; kontuan izanda preso dagoen persona batek, bere amari den-dena ez diola kontatzen. Laburbilduz, informazio falta ikaragarria bai kartzeletatik eta baita politikariengatik.

Maialen Zuazo:  Alde batetik kezka, jakin badakigulako kartzela barruan ez direla segurtasun eta osasun neurriak bete momentu bakar batean ere ez, ahaztu gabe kartzela barruko mediku arretak dauzkan gabezia izugarriak. Eta bestetik, luze egiten ari zaigu. Guk hiru urteko alaba bat daukagu eta otsailaren hasieratik ezin izan gara Arkaitz ikustera joan, eta oraindik ez dakigu noiz joan ahalko garen. Eta joateko aukera dugunean ere, ez dakigu zein egoeratan joan ahalko garen: bis-ak noiz egin ahalko ditugun, zein baldintzatan… Egoera hau arduraz bizitzen ari gara. Zaila eta gogorra egiten ari zaigu. Ezjakintasuna da gogorrena, egoera honetan buruak epeak eta helmugak eskatzen dizkigulako: bisitak egiten noiz hasi ahalko garen, Arkaitz noiz ikusi ahalko dugun… eta guzti hau ez jakiteak, gogorra egiten zaigu.

Arkaitzek nola bizi izan du egoera hau?

Hasieran kezkatuta; bai bere egoera pertsonalarengatik, bai gainontzeko kide eta presoengatik. Jakin badakigu kartzelan dagoen jendeak osasun aldetik gabezi asko dauzkala, eta honelako birus bat bertara helduko balitz, sarraski ikaragarria egin dezake. Kartzelak ez daude prest horrelako egoera bati erantzuteko. Arkaitzek ere kezkaz eta ezjakintasunez bizi du egoera; luze egiten zaio. Guk astero 10 minutuko bideo-deiak egiten ditugu (beste kartzela batzuetan askoz ere gutxiago), eta hauetan Arkaitzek bere alaba zenbat hazi den ikusten du, hilabete hauetan izan duen aldaketa… Amorruz bizi du hainbeste hilabetetan zehar bere alabarekin egon ahal ez izatea. Gainera, aurrekoan hau esaten zidan: “ikusten ari naiz telebistaren bitartez hondartza eta tabernetako irudiak, nola jendea hasi den elkartzen, tabernetara joaten… eta guk oraindik ezin dugu bisita bakar bat ere egin”. Egoera ezberdina izango litzateke presoak Euskal Herriko kartzeletan egongo balira. Horrela balitz, bisitak egin ahal izango genituzke; baina Arkaitz Alicanten egonda, ezinezkoa.

Pandemiak Arkaitzen eskubideak are gehiago murriztu ditu?

Bai. Gu kalean egonda gure eskubideak izugarri murriztu izan badira, imajinatu kartzela barruan zenbat murriztu diren: kanpoarekin harremana eta komunikazioa erabat murriztuta, barruan ere ikasketetarako baliabideak murriztuta, kiroldegira joateko aukera murriztuta… Oso gogorra egin behar zaie preso politikoei espetxea egoera honeta bizitzea.

Nola ikusten duzue egoera etorkizunera begira?

Arkaitz eta kideak, etengabe galdetzen ari dira, baita kartzelako funtzionariei ere; baina ezta hauek ere, ez dakite ezer, ez daukate ezerren berri. Benetan lotsagarria. Deseskaladarako planak daude eremu eta arlo guztietarako baina badirudi espetxeetarako ez dagoela ezer planifikatuta. Kartzelak hain dira zulo ilun eta hermetikoak, bertan zein fase eta neurri hartuko diren ez dakigula, inork ez digu honen inguruko informaziorik eman. Hortaz gain, funtzionariak kanpoarekin harremana badaukate, kalera ateratzen dira, gero espetxera bueltatzen dira; eta orain kartzela barruan berriro ere tailerrak hasi direnez, tailer hauetarako materiala ekartzen duten kamioak etortzen hasi dira. Senideoi ordea, bisitak egiteko eskubidea ukatzen digute.

Espero dugu uda partean berarekin egon ahal izatea. Agian hasiera batean lehenengo bisitak eta gero bis-ak. Baina egia da baita ere, asko haserretzen gaituela presoek bertan jarraituko dutela eta hurbilketarik egongo ez dela jakiteak. Oraingoan, pandemiak ezustean harrapatu gaitu, baina esaten dutenaren arabera udazkenean berriz errepikatu daiteke; eta senideok egoera berdinean aukituko gara. Dispertsioa inoiz ez da onargarria izan, baina egoera honetan are onargaitzagoa da.

Jakingo duzuenez, orain dela gutxi Jose Ignacio Gutierrez-ek, Iñigo Gutierrez preso politiko algortarraren aitak utzi gintuen. Familiari Iñigo ikusteko baimena eman zioten. Hau dela eta, Ciudadanos alderdiak kritika eta hitz gogorrak adierazi zituen. Zein da zuen iritzia honelako kritika eta jarreren aurrean?

Lotsagarria iruditzen zaigu. Lagunak dira gainera Iñigo eta bere bikotea den Maria. Azken honekin, hitz egiteko aukera izan nuen orain dela egun batzuk. Haserre handiarekin daude eurak baita ere. Ezinegon handiarekin bizitzen ari dira. Kartzelan egonda senide bat hiltzea oso latza da. Egoera honetan are latzagoa. Gainera eman dietena miseria hutsa dela uste dugu. Aita hil eta gero, amarekin bisita bakarra eta bideodei bat soilik eduki izana, miseria hutsa da. Espainiar eskuinak, hau pribilegio bat balitz bezala tratatzea eta egoera krudel hau euskal preso politikoen kontra jotzeko erabiltzea miserablea da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun