EH Bildu Sopelako beste alderdiekin biltzen hasi da, udal-gobernu aurrerakoi bat eratzeko asmoarekin

Erabiltzailearen aurpegia Sopelako EH Bildu 2019ko eka. 5a, 08:57

EH Bildu Sopelako bigarren alderdi bozkatuena izanda, Elkarrekin Podemos eta DB-TU alderdiekin udal gobernu aurrerakoi bat osatzea aztertzen ari da.

EH Bilduk badaki EAJak irabazi zituela joan den maiatzaren 26ko udal hauteskundeak, 7 zinegotzi lortuta. Beraz, jeltzaleei dagokie udal gobernua osatzeko beharrezko kontaktuak egitea.

Hala ere, EH Bilduk ere jakin badaki EAJ-ak ez duela gehiengo absoluturik, izan ere gainontzeko alderdiok 10 zinegotzi dauzkagu. Are gehiago, gainontzeko alderdiok aurrerakoitzat dugu gure burua.

Hori guztia kontutan hartuta, EH Bildu Sopelako bigarren alderdi bozkatuena izanda, Elkarrekin Podemos eta DB-TU alderdiekin udal gobernu aurrerakoi bat osatzea aztertzen ari da. Bai ekainaren 15eko alkate aukeraketari begira, bai epe luzera begira legegintzaldian zehar.

Duela 4 urte antzerako egoera baten aurrean egon ginen. Orduan ezinezkoa izan zen gobernu alternatibo bat osatzea. Ondorioak oso lazgarriak izan dira Sopelarentzat.

Gure akatsengatik ikasteko ordua heldu da, autokritikoak izateko garaia, gure desberdintasunak eta desadostasunak onartzeko unea. Joan den legegintzaldi honen amaieran, gure arteko hurbilketa hori nabariagoa egin zen: udala kaosan murgilduta zegoen eta Sopelarentzat garrantzitsuak ziren zenbait gaietan ados jarri ginen.

Adostasunerako jarrera hori lantzeko proposatzen dugu. Gure helburua, gobernu alternatibo bat lortzea da, egungo egoera eraldatu eta Sopelari Uribe Kostan duen erreferentzialtasuna emango diona.

Bide horretan, lehen urratsa lehentasunezko proiektuak elkar adostea da, datozen 4 urte hauetan ekimen horiek gauzatzeko asmoarekin. Hiru alderdien programak ikusita, mota horretako akordio bat lortzea erabat posiblea da, hainbat eta hainbat gaietan, esate baterako, hirigintzan, mugikortasunean, etxebizitzan, ekipamendu publikoetan, toki garapenean, gizarte ekintzan, euskara, kulturan eta udal antolamenduan.

Akordio horietara helduz gero, akordio horiek kudeatzeko moduak aztertu beharko ditugu, hau da, gobernu alternatibo hori antolatzeko moduez hitz egin beharko dugu. Akordioetara heltzea posiblea da, ziur gaude eta Sopelak akordio horiek behar ditu.

Datozen egun hauetan, akordio horiek lotzen saiatuko gara. Edonola ere, aste hauetan egindako lan guztia eta proposatutako akordio posible hori Sopelako EH Bilduren asanblada batean partituko dugu gure oinarri sozialarekin, ekainaren 14an bertan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun