Sopelako Alkatetza EAJren ESKU, PSE eta DB-TUri esker: AURRERA BEGIRA, ZER?

Erabiltzailearen aurpegia Sopelako EH Bildu 2019ko eka. 21a, 10:40

Legegintzaldi berrian sartu gara. Dagoeneko bukatu dira alkatetza eskuratzeko negoziazioak. EAJak eskuratu du Sopelako alkatetza, PSE eta DB-TUren babesa jaso ondoren. Hain zuzen ere, hiru indar horiek udal gobernua osatuko dute. Oposizioan, ordea, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeak, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren talde bozkatuenak. EH Bilduri heldu zaio Sopelan gertatutakoaren balorazio orokorra egitea, bere historiako emaitzik onenak lortuta.

Lehen hitz batzuk hauteskunde garai hauen ostean?

Lehen hitzak, argi eta garbi, herriarentzat zuzenean: eskerrak eman EH Bildu babestu duten, EH Bildurengan konfidantza izan duten eta EH Bildu lagundu duten sopeloztar guztiei. Jadanik EH Bilduren parte zareten guztioi, har ezazue gure besarkadarik estuena.

 

Zein izan da negoziazioetan jarraitu duzuen estrategia?

Estrategia baino jarrera, EH Bilduren estilo propioa. Azken hilabeteetan izan dugun jarrera argia izan da, bai hauteskundeetan, bai bozkaketa ondorengo negoziazioetan. Bi zutabetan laburbildu daiteke: gardentasuna eta seriotasuna. Alde batetik, gardentasuna: gure kontaktu guztien berri eman diogulako herriari eta kontaktu horietan landutako edukiak kaleratu ditugulako. Bestetik, seriotasuna: bai jarreraz (beti gure adierazpen eta ekintzetan errespetuz aritzen gara), bai edukiaren aldetik. Gure ekintza guztiak gure programan zentratu dira eta programa horrekiko erabat koherenteak izan gara. Programa landua eta izaera oso zehatz batekin.

 

Zein izango da datozen 4 urteetan oposizioan izango duzuen jarrera?

Esan bezala, estilo propioa dugu. Lehen legegintzaldian izandako jarrera sortzailea eta eraldatzailea, eta azken 4 urteetan abian jarritako oposizio lan serioa, kritikoa eta eraikitzailea. Datozen 4 urte hauetan modu berean jardungo dugu. Bestetik, bada elementu bat bereziki garrantzitsua izango dena legegintzaldi berri honetan EH Bildurentzat: kalea eta jendartea, sopeloztarrak. Parte-hartzea ipar, ahalegin berezia egingo dugu kalea eta udalaren artean zubiak eraikitzeko. Horrela, aldizkazko kontaktu zuzenak izango ditugu auzo eta eragileekin. Eta ahalegin berezia egingo dugu gaika eta alorreka sopeloztarrak EH Bilduren barneko lan taldeetan parte har dezaten, iritzi, iradokizun eta proiektuak beraiek zuzenean gara dezaten. Hauteskunde kanpainan adierazi genuen bezala, herria gara.

 

Zein da Elkarrekin Podemos taldearekin izan duzuen harremana?

Sopelako EH Bildu gorantza doan indarra da. Baina ez gaude bakarrik. Desberdinen artean elkarguneak sortu ditugu eta honek arreta berezia merezi du. Sopelako Elkarrekin Podemos-eko burkideekin akordio programatiko zehatzetara heldu gara, eta ez bakarrik udalgintzaren alorrean soilik, bestelako gai garrantzitsuenetan ere. Hirigintzan, mugikortasunean, ingurugiroan, etxebizitza, euskara eta kulturan, ekipamendu publikoetan, alor sozialean, toki garapenean eta udal funtzionamenduan, herria eraldatzeko neurriak adostu ditugu, behetik eta ezkerretik. Alor horiez gain, bestelako gai politikoagoak jorratu ditugu, elkarbizitzarekin eta demokrazioarekin lotuta: memoria historikoa, presoen oinarrizko eskubideen defentsa eta erabakitzeko eskubidearen inguruan kultura demokratikoaren sustapena. Eskertzekoa da benetan Elkarrekin Podemosek gugan jarritako konfidantza eta lankidetzan aritzeko borondatea. Oposizio koherente eta antolatua martxan da. Etorkizuneko Sopelak gugan du hazia.

 

Zein da EAJ eta PSErekin izan dituzuen kontaktuen emaitza?

Hainbatetan adierazi dugun bezala, eragile sozial guztiekin eta alderdi guztiekin lankidetzan aritzeko borondatea erakutsi nahi dugu. Sopelaren alde lanean aritzeko borondate irmoa daukagulako. Hala ere, kritikoak izango garela aitortu dugu. Negoziazio fase osoan ez dugu EAJren deirik jaso, ez dute asmorik izan herriko egoera gurekin partekatzeko. Bere aldetik, PSE-ri hasieratik eskaini genion hitz egiteko gonbite hori. Gauza bera. Ez dute borondaterik izan (edo ez diote nagusiek horretarako askatasunik eman). Espero dezagun, zintzotasun osoz, bai batak eta bai besteek, hemendik aurrera hitz egiteko eta eztabaida eraikitzaileetan sartzeko borondatea izatea (gaurko egunez, oraindik ez dugu kontatu formalik izan), nahiz eta defenditzen ditugun herri ereduak zeharo desberdinak izan. Edonola ere, argi hitz egin behar dugu. Garai ilunak datoz Sopelara. Aspaldiko EAJ bueltatu delakoan gaude. Adreiluaren burbuilan gure herria eta Uribe Kosta osoa itxuraldatu zuen EAJ zahar berri hori, alegia. Adi egongo gara.

 

Alkatetzarako giltza DB-TUk taldeak izan du. Beraien burua “independientetzat” duen alderdi honek eman dio boterea EAJri.

“Independiente” kakots artean, izan ere, duela 4 urte bezala (garai hartan “Podemos”-en fakzio gisa), alkatetza eman dio DB-TUk EAJ-ri. Argudio faltsua aurpeguratu dio EH Bilduri, gurekin akordiorik ez sinatzeko: beraien independentzia kolokan jartzen genuela, leialtasuna eskatuz. Guk programa bati leialtasuna eskatzen diegu, bai eurei, baina baita geure buruei ere. Argi utzi dute EH Bilduk planteatzen duen herri ereduarekin ez dutela bat egiten, guk planteatutako bitarteko eta helburuak ez direla beraienak, praktikan zeharo eredu desberdina duen EAJrekin eskua emanda baitoaz. Bestelako interesak eta nahiak dituzte. Gogoan izango dugu gertatutakoa.

 

Eta aurrera begira zer?

Sopelak panorama arriskutsua du aurretik. Gobernu talde berriak gehiengo absolutua du. Nahi izanez gero, ez dute zertan inorekin negoziatu behar, ez dute inorekin ezertaz hitz egin behar. Joko zelai honetan, Sopelako EH Bilduk lanean jarraituko du, inoiz baino gogotsuago. Etengabean esperientzia metatzen ari gara eta horrek gure lana sendoagoa bihurtzen du. Oposizio serioa, kritikoa eta eraikitzailea abian jarriko dugu, behetik eta ezkerretik, instituzioetan eta kalean lan eginez, alderdikeriak alde batera utziz, Sopeloztarrentzat onena bilatuz. Eta bide eder baina gogor horretan, sopeloztarrak eta Sopelako eragile sozialak izan behar ditugu bidelagun. Eraldaketa ipar, hasi dezagun bada bidea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun