Uribe Kosta ez da batzokia!
Duela hilabete eskas salatu genuen: EAJk ez ditu hauteskundeetako emaitzak onartzen. Ez du oposiziorik nahi. Eta azken legealdietako jarrera antidemokratikoari beste estutu eman dio. EAJk, hauteskundeen emaitzen arabera, beti izan du zegokion ordezkaritza baino handiagoa, baina oraingo honetan lotsagabekeriaren marka guztiak gainditu du: 15 ordezkarietatik 12 bereganatu ditu (7 eduki beharko lituzke); EH Bilduri 2 utzi dizkio (5 egokitzen zitzaizkion) eta PSEri 1 (zegokiona). Ordezkaririk gabe utzi ditu Elkarrekin Podemos eta Gorlizko independenteak, bana beharko luketen arren.
Mankomunitateak gure herrietako biztanleei eman behar die zerbitzu eta ondorioz, biztanle guztien ordezkariei aukera eman behar zaie biztanle horien interesak kudeatzen diren instituzioetan parte hartzeko. Izan ere, Mankomunitateak ia 3 milioi euro gestionatzen ditu, eta EAJk gestio hori ez du inorekin partekatu nahi, ezta inork horren kontrol demokratikoa egitea ere. Orain arteko gestioa eskasa eta iluna izan bada, nolakoa izango da aurrerantzean oposizioaren parte hartzea galarazita?
Baina badirudi EAJk ez duela oposizio handirik nahi; are gutxiago, EH Bildurena, behin baino gehiagotan utzi dugulako agerian EAJren gaitasun eta proiektu falta Uribe Kostarako (gizarte larrialdiko laguntzetan edo euskara zerbitzuan izandako murrizketak, esate baterako), eta jakin badakitelako, euren eredu zimelduaren alternatiba garela.
Benetan uste dute horrelako erabaki antidemokratikoekin ezer gestiona daitekeela behar bezala? Lankidetza sustatzeko bide egokitzat jotzen al dute oposizioa baztertzea? Ezin hasiera txarragoa. Mankomunitateak denon laguntza eta ekarpena behar du, dagoen inertziatik ateratzeko eta gure herriek dituzten beharrei ahalik eta modurik eraginkorrenean erantzun ahal izateko.