Algortarrak LIBRE!

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Algorta-Getxo 2018ko urt. 8a, 19:56

Urtarrilaren 9tik 15era Madrilen 50 pertsonen aurka (euren artean 9 algortar) burutuko den epaiketaren aurrean, Sortu Algorta-Getxok zera adierazi nahi du:

Espainiar (in)justiziak, berriro ere bere aurpegia erakutsi du.

2013an Urduñan, Ernaik antolatutako Danbadaren ekitaldian, Xabier Lopez Peña euskal preso politikoa gogoan izan zuten gazteek. Espetxe politikak eraildako kidea presente eduki izana, baina, terrorismoari gorazarre egitea zela iritzi zion Entzutegi Nazionalak, eta 9 euskal herritarri 2 urteko espetxe zigorra ezarri nahi izan zien. Epaiketarako data 2015eko maiatzean jarri zuen Angela Murillo epaileak. Aste batzuk lehenago 7 gazte espetxeratu zituen 18/98 makrosumarioan fama lortu zuen epaile honek. Berak bakarrik, argi uzten du salbuespeneko epaitegi honen funtzioa zein den: independentismoa eta 78ko erregimenaren kontrako edozein disidentzia zapaltzea.

Honen aurrean epaituak izan ziren gazteek erakutsitako duintasuna txalotu beharrean gaude. Izan ere, epaiketari buelta eman, eta berau euskal gazteriaren kontrako errepresioa salatzeko erabili zuten. Interes politikoen gainetik dagoen justizia defendatzeko hautua eginik, akusatuek tribunalari planto egin eta desobedientziaren bidea hartu zuten, Angela Murillok aurreko astean espetxeratutako gazteen aurpegiak zituzten kamisetak erakutsiz eta epaileari bizkarra emanez. Hau da datozen egunetan epaituko den delitua: tortura tresna bezala probestu duen tribunalari planto egin eta independentziaren, sozialismoaren eta feminismoaren alde egiteagatik espetxeratuak izan ziren 7 euskal herritarrei elkartasuna adieraztea. Honegatik epaituko dituzte, besteren artean, 9 algortar.

Horrenbestez, argi utzi nahi dugu epaiketa honen izaera politikoa. Euskal Herria lotuta eta sumiso nahi du espainiar estatuak. Berdin dio era masiboan aplikatutako 155. artikulua erabili edo banan banan herritarrak epaitegietara deitu. Aurpegi ezberdina erakutsita ere, logika berbera da. Borrokatzen duena ez ezik, harekiko elkartasuna adierazten duen oro zigortzen dute, horrela besteak etxean geldituko garelakoan. Baina historian zehar zerbait erakutsi badu herri honek duen askatasun grina izan da. Ez dute ulertu alferrik dela; epaiketek, espetxeek, edozein koloretako poliziek, ez dutela hartutako bidea etengo. Herri hau aspaldi jarri zen martxan, eta independentzia lortzera doa.

Azkenik, gure babes osoa adierazi nahi diegu 9 herrikideei zein beraiekin batera epaituak izango diren euskal herritar eta madrildarrei. Animo!

Epaiketa politiko gehiagorik ez! Euskal Herritarrak LIBRE!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun