Aitor Elortzaren bizitza borrokari eta errepresioari lotutako bizitza izan zen. Deserrian jaioa, Frankismoaren gau ilunean, txikitatik lotu zitzaion borrokari, era ezberdinetan. Parisen jaioagatik ere, laster etorri zen Algortara, eta laster ezagutu zuen errepresioaren krudelkeria. Hainbeste maite zuen herri honen kulturan murgiltzen hasia zelarik, bere aita, Gotzon, espetxeratu zuten. Hasieratik ekin zion herrigintzari, kultur arloan murgilduz buru-belarri. Herriarekiko maitasunak, gaztetasunaren errebeldiak eta edozein motatako injustiziak sorrarazten zion ezinegonak, konpromiso handiagoak hartzera eraman zuten Aitor. Konpromiso horrek baina, erantzuna jaso zuen, eta Algortan izandako atxiloketa batzuen ostean, ihesari eman behar izan zion, soilik 19 urte zituelarik.
Beste hainbat eta hainbat euskal herritarrek bezala, iparraldera egin zuen alde, lehenik eta behin Donibane Lohitzunera. Hainbeste maite zuen Portu Zaharra Santa Barbarakoarengatik aldatu behar izan zuen. Hemen hasi zen Aitorrentzat etengabeko borroka berri bat: etxera aske itzultzea. Ziburun atxilotu eta hilabete batzuk eman zituen Baionako espetxean, bere bizitza betiko gidatu zuen duintasuna galdu gabe. Gose greba bati ekin zion, Fresneseko espetxeko ospitalera eraman zuena. Askatasuna eskuratu eta Bordelera alde egin zuelarik, berriro ere atxilotu zuten, berriro ere aske uzteko. Argi zegoen etsaiak ez ziola treguarik emango.
Etengabeko atxiloketek sortzen zuten segurtasun ezari urte batzuk geroago Xabier Galdeano hilko zuen GALen mamua batu zitzaion. Torturatik libratzeko egin bezala, heriotzari izkin egiteko Mexikora alde egin zuen Aitorrek. Senideengandik are urrunago, aberritik milaka kilometrotara, irakurtzen eta Portu Zaharra akuareletan betikotzen itotzen zuen herrimina. Jakina da baina, herriaren babesa ez ezik familiarena ere beti izan zuela Aitorrek, etengabe eta denaren gainetik. Bere ama Bixi Unanue, semea Mexikon bisitatu ostean, Algortara ezin itzuli egon zen. Espainiar estatuaren mendekuaren beldur, iparraldean geratu behar izan zuen. Aitor ezin atxilotu, Bixi ezin mederatu, aitaren bila jo zuten. Gotzon Elortza 10 egunez eduki zuten ziega ilunean, 10 egunez torturatu zuten. Aitorrek Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartu zuen, amarekin. 1982a zen.
Hamarkadak aurrera egiten bazuen ere, estatuen jarrerak berdin jarraitzen zuen, eta 1991ko maiatzean berriro jazarri zitzaien Aitor, Bixi eta Gotzoni. Atxilotu eta espetxera eraman zituzten ama eta semea. Aita aske geratu zen, berriro atxilotua izateko baina. Espetxetik aterata, Metz-en konfinatu zuten Aitor, paperik gabe, kiderik gabe eta guztizko prekarietatean bizitzera behartuta. Bere sen borrokalariak bultzatuta, konfinamendua hautsi zuen, eta atxilotu eta berriro Metz-era eraman zutenean, Euskal Herrira itzuli zen, legedi arrotza desobedituz, duintasuna lapurtu nahi zietenei duintasuna zer den erakutsiz.
Euskal herrian eman zituen azken urteak. Izandako bizitzaren gogortasunak baina, marka utzi zion Aitorri. Ez zuen inoiz amore eman, ez zion utzi beste gizarte eredu batean sinesteari, klase gabeko mundu baten ametsari ez zion sekula uko egin. Eta honen alde borrokatzen eman zuen bizi osoa, Algortako txoko ederrenak inoiz ahaztu gabe. Errepresioak garaitu ez bazuen ere, bizitza lapurtu zion Aitorri. Horregatik erantzuleak argiki seinalatu nahi ditugu: frantziar eta espainiar estatua.
12 urte geroago, zure memoriak bidea argitzen jarraitzen digu. Bixi eta Gotzonen eredua hurbil zenuen, eta horri segika bide zailena aukeratu zenuen, herri honen askatasunaren alde borrokatzearena. Eta guk ere bide horretan urratsak ematen jarraitu dugu. Zure memoriak hauspotuta, hainbat eta hainbat euskaldunen lorratzei segika ibili gara, eta bagoaz garaipenera.
Baina badaukagu tartea oraindik. Iheslari eta deportatuen drama ez da iragana. Oraindik ere, herri honen askatasunaren aldeko hautua egiteagatik ihesari ekin behar izan zioten ehunaka euskaldun ditugu barreiatuta munduan zehar, asko egoera ezin larriagoan. Aitor deserrian hil zitzaigun, eta ez zen azkena izan. Elortza Unanue familia menderatu ezin izan zuten bezala, ez gaituzte gu menderatuko. Sufrimendua eragiten jarrai dezakete, inoiz justiziatik gertu egon ez den egoera mantenduz, baina ez dute lortuko, orain arte lortu ez duten bezala. Argiki erakutsi dugu ez dituztela beraien helburuak lortuko, ez dutela herri hau asimilatzerik izango. Eterno bilakatzen ari diren sufrimenduak ez du zentzurik, ezta beraien eskema politikoetan ere. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboan adinez oso nagusi diren kideak ditugu, baita gaixo larriak ere. Guk ondorio bakarra ateratzen dugu: Aitor heriotzara kondenatu zutenek, beste hildako bat bilatzen dute. Gure herriaren defentsan jarduteagatik errepresaliatutako kideen kontrako mendekua mugaraino eraman nahian dabiltza, xantaia politiko gisa erabiliz beraien egoera. Garaitu eta garaileen eskema tragarazi nahi digute.
Honen aurrean, Aitorren kasua bezalako besterik gerta ez dadin, antolatzeko deia egiten dizuegu. Gatazka armatuaren ondorioen konponbideak erabatekoa behar du izan. Ondorioen konponbideak hamarkadetan pairatu dugun biolentziaren eta salbuespeneko logikan oinarritzen den egitura politiko eta legegilearen osagai ezberdinetan eragin behar du. Iheslarien etxeratzea ahalbidetu behar du. EIPK-ko kideek bideari ekin diote, eta konponbidearen aldeko ekimenak biderkatu dituzte. Etxeratze bidea hartzeko ekimena urrats garrantzitsua izan zen, eta horri esker ditugu batzuk gure artean. Doakie, bide batez, merezi duten eta askotan egoerak maila publikoan antolatzea posible egiten ez duen errekonozimendua. Bide luzearen ostean berriro gure artean izateak pozten gaitu. Baina oraindik ere erbestean ditugun kideek argi dioten bezala, herria dugu arnas. Arrazoi politikoengatik eta torturaren beldurrez ihes egin behar izan duten euskal herritarrak segurtasun osoz etxeratzeko beharrezko konpromiso eta babes soziala egituratu behar dugu. Guregatik borrokara lotu ziren eta zor diegu.
Aitor, zure memoria gorde ez ezik, datozenei ere ohorez erakutsiko diegu. Gure memoria ere badelako, gure iraganaz eta gure kideez harro gaudelako. Borrokalari nekaezin, zure aita eta ama bezala, denontzat eredu izan zara.
Gora Bixi! Gora Gotzon!
GORA AITOR!