Oraindik ere sufritzen den egoera hurbiletik jasan behar izan genuen hartan, kalean aske ikusteko grinak ehunaka algortar batu zituen bi hitz sinpleren bueltan: Anjel kalera. Anjel kalera ekimenaren bidez bere esku zegoena egin zuen herri honek, baina ez zen nahikoa izan. Etxera bai, kalera ez. Etxean bai, aske ez. Espainiar estatuak bere muturreko krudelkeria erakutsi zuen, aurretik beste hainbatetan egin bezala, eta ostean etengabe errepikatu duen moduan. Preso gaixo larrien gaia ez delako berria, eta horrek are jasanezinago egiten du.
Anjel gaixo zegoen, eta abisatu genuen: hiltzen ari zarete. Jakin bagenekien mendekua bilatzen zutenek heriotzaraino eraman nahi zutela, erakutsitako konpromisoa zigortu nahian. Baina eguna heldu zenean, galdu zintugunean, shock-ean geratu ginen. Euren jarrera ikusita espero zitekeena zen, baina ez geunden prest. Hurbil zeunden, baina urrun hala ere, etsaiak nahi zuen moduan. Eta agian ez genuen egin distantzia txikitzeko egin genezakeen beste.
Ordutik hona hainbat gauza aldatu dira, baina ez espetxeetan. Oraindik ere milaka kilometrotara ditugu sakabanatuta, baldintza ezin krudelagoetan. Oraindik ere gaixo larrien egoera muturreraino eramaten dute. Eta badakigu, zoritxarrez, zein den ondorioa. Eta egoerak berdin jarraitzen duelako segi behar dugu tinko, denak kalean aske ikusi arte. Berriro ere gerta ez dadin. Preso gaixo larrien egoera jasanezina ezin daiteke ezta minutu bat gehiago ere luzatu.
Zure heriotzak erantzule bakarra du. Errudun bakarra du. Espainiar estatua. Hala ere, zu aske ikusi ezin izana ardura kolektiboa dugu. Berriro gerta ez dadin, herri honek pausuak eman behar ditu, bide-orri konpartituak martxan jarri, preso guztiak aske izan arte. Eta premia berezia dutelako, gaixo larriak etxean eta bizirik ikusi nahi ditugu orain, gehiago itxaron behar izan gabe. Mugi gaitezen.
Ez zaitugu ahaztuko Anjel. Beti gogoan. Gora zu!
Agur eta ohore Anjel.