Barne Ministerioaren aginduz garatutako "zerga" operazioan 50 euskal herritar baino gehiagoren ondasunen kontra jo du Guardia Zibilak. Gerra egitera etorri zirenek bere horretan jarraitzen dute, gerra egiten. Zergatik? Biolentziarik gabe espainiar estatua ez delako ezer. Beldur diolako eztabaida demokratikoari. Ez daukalako eskaintza demokratikorik ez Euskal Herriarentzat ez Kataluniarentzat. Badakielako, biolentziarik gabe, bai euskal gizarteak bai kataluniar gizarteak luze gabe apustu egingo dutela estatu propio bat eraikitzearen alde.
Kasu honetan, kaltetuen artean daude eskualdeko hainbat preso ohi. Mendeku operazio hau, propaganda operazio izateaz gain, betiko estrategiaren isla besterik ez da. Herri hau menperatuta nahi dute, eta bere askatasunaren alde borrokatzen duena desaktibatuta. Baina hemen bada aske izan nahi duen herri bat, eta ez dute lortuko iraganera lotzea. Etorkizuna dugu irabazteko. Zentzu horretan, operazio berri honen aurrean eman dezakegun erantzunik onena ziklo berriari bultzada ematea da. Bide horretan, urrats garrantzitsu bat egingo dugu larunbatean, Miribillako ekitaldian. Dei egiten diogu ezkertiar eta independentista orori larunbatean Miribillako ekitaldira joateko. Han, zera adieraziko dugu: bizirik gaudela, zutik gaudela, pozik gaudela!
Bestalde, preso zein preso oihen aldeko babesa adieraztera deitzen zaituztegu. Gaur 20.00etan badago horretarako aukerarik. Sopelako udaletxe plazatik manifestazioa abiatuko da espetxean 20 urte bete dituzten Patxi Markes, Urko Labeaga, eta Iñaki Bilbao eskualdeko preso poliikoen askatasuna eskatzeko.