Euskaraldia

Euskaraldia, euskarak behar duen herri estrategiari oinarri sendoak jartzen

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Algorta-Getxo 2018ko mai. 21a, 13:38

Maiatzaren 23tik hasita, 24 orduz Getxon euskaraz egiteko erronka proposatu digu Euskaraldiak. Algorta-Getxoko Sortuk dei egiten du 23an eta 24an zehar izango diren ekimenetan parte hartzera.

Izan ere, Euskaraldia herri-giharra sendotzeko aukera da, euskaltzalea den oinarri zabala berraktibatzeaz gain, belaunaldi berrienak euskaren borrokan inplikatzeko aukera izan daiteke. Horrez gain, uste dugu euskaldun izatearen harrotasuna indartzeko balio dezakeela honako ekimenak, egun ere euskaldunok gure herrian bizi ditugun zapalkuntzak ikustarazi eta horiek gainditzeko tresna ere izan daitekeela. Hainbat datuk adierazten duten bezala, herri honetan 40 urtez jorratu den berreuskalduntze fasea ez atzera ez aurrerako egoerara heldu da. Kontzientzian, ezagutzan eta erabileran aurrerapausoak eman diren arren, erabilera esparruan ez dira espero genituen emaitzak erdietsi. Euskal Herriak alor horretan dauka gaur egun ere erronka handiena.

Orain dela 40 urte herri hau berreuskalduntzeko hartutako neurri politikoak ez-nahikoak izan dira, eta gaur, argi esan beharra dago, egun, herri bezala eskura ditugun bitartekoekin eta hizkuntza-politikekin ez dagoela herri hau berreuskalduntzerik. Alegia, egungo euskal komunikabide eredu desegituratua, ezagutza unibertsal bihurtzen ez duen hezkuntza sistema, erdaraz sustengatzen diren erakunde publikoak, lan-mundu erdalduna, erabat erdalduntzen gaituen jendarte-bizitza… ez daude herri hau berreuskalduntzeko norabidean eta mailan.

Horrek herri bezala guztiok interpelatzen gaitu. Hasi norbanakootatik eta herri honen berreuskalduntzea helburu lukeen edozein eragile, sindikatu edo alderditaraino. Eta, beraz, une aproposa da azpimarratzeko herri estrategia sendo bat adostu eta garatzeko tenorean gaudela, euskara irabazteko bidean jarriko duen herri estrategia bat. Egungo egoeraren azterketa zorrotza egin, eta berreuskalduntze fase berri baten helburu edo langa ausart eta egingarriak planteatu eta horiek egikaritzeko bideak eta epeak ere zehaztu beharko lituzkeena. Haatik, argi esan behar dugu: euskarak, batetik, hizkuntza politika ausartak eta anbizio handikoak behar ditu. Bestetik, euskara babestuko eta lehenetsiko duten marko juridiko-politikoak behar dira. Euskarak burujabetza behar du, gainontzean kondenatuta izango da hizkuntza hegemonikoen mendeko izatera. Hau guztia esanda, oso kontziente gara Euskaraldiak, berak bakarrik ez duela Euskal Herria berreuskaldunduko. Eta geure esku egongo da egunerokoan euskararekiko arduragabe agertzen diren erakunde publiko batzuk Euskaraldia ez baliatzea bere burua zuritzeko. Dena dela, oso garrantzitsua deritzogu Euskaraldiari dagokion balio politikoa aitortzea eta Ezker Abertzaleko kidegoari ere badagokigu buru-belarri ekimen honetan murgiltzea.

Hortaz, tokian toki Euskaraldiaren erronkari eskuzabaltasunez, konpromisoz eta ilusioz bultzada ematera deitzen dugu Ezker Abertzaleko kidegoa zein euskaltzale oro. Euskararen aldeko sareak eta konfiantzak artikulatzea ezinbestekoa da, euskarak lehenbailehen eskatzen duen herri estrategia ausart horrek oinarri sendoak izan ditzan.

Hala, Getxon gauzatuko diren ekimenetan parte hartzeko deia egiten dizuegu.

Gora euskal errepublika euskalduna!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun