SORTUk Josu Urrutikoetxearen atxiloketa salatu eta berehala aske uzteko eskatzen du. Era berean elkartasuna agertu dio bere gertuko inguruari. Operazio honek ez du gure herrian bake agertoki bat eraikitzen laguntzen. Josu Urrutikoetxea izan da bakearen aldeko konpromiso handiena erakutsi duen etakideetako bat. Hain zuzen, berak jarri zion ahotsa ETA desegin zeneko agiriari. Beraz, bera dugu bakearen aldeko ekarpena egin zuenetako bat, ETAren indarkeria euskal politikagintzako ekuazio politikotik behin betirako atera zuenetako bat.
Operazio honek beste behin ere agerian jartzen du askotan esan duguna: zoritxarrez bakeak herri honetan eta estatuetan etsai boteretsuak izaten jarraitzen du. Bi estatuek gaurko atxiloketekin adierazten dute bakearen aldeko apustu horretan oztopo izaten jarraitzen dutela. Herri honetan bake oso, justu eta iraunkor bat oztopatzen jarraitzen dute. Euskal gizartearen nahirik eta desiorik handienari eraso egiten jarraitzen dute.
ETA desagertu zen, ETAren biolentzia betiko desagertu zen baina herri honetan biolentziak izan badira: estatuen biolentziak indarrean jarraitzen dute. Azken batean, dispertsio politika indarrean mantentzea ere biolentzia da. Gaixorik larri diren presoak espetxean mantentzea biolentzia da. Onen eta gaiztoen, justuen eta injustuen, garaileen eta garaituen errelato bat inposatzen saiatzea ere biolentzia delako. Eta, nola ez, Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Estatuko gainerako herrien autodeterminazio eskubidea indarrez galaraztea ere biolentzia delako.
Zentzu horretan, dei egiten diegu estatuei eta PSOEri egin dezatela behingoz, bere garaian ezker abertzaleak egin zuen bezalaxe, estrategia demokratiko eta baketsu baten aldeko apustua. Egin diezaiotela behingoz uko beren biolentziari. Egin dezatela behingoz apustu bakearen alde, demokraziaren alde eta herri honen eskubide nazionalak eta sozialak errespetatzearen alde.
Bakearen etsaiak berandu datoz, ez dutelako lortu herri honen bakeranzko bidea galarazterik. Orain ere, ez dute lortuko. Euskal gizarteak aspaldi egin zuen hautua bake eta askatasun agertoki baten aldekoa. Erasoak eraso, oztopoak oztopo, ez estatuek ez bakearen etsai amorratuenek ere ez dute lortuko herri honen determinazioa galaraztea. SORTUk hiru dei egin ditu polizia-operazioa salatzeko, Urrutikoetxearen askatasuna exijitzeko eta askatasunaren aldeko apustu irmoa erakusteko:
Kontzentrazioak Uribe Kosta osoan, gaur iluntzean. Besteak beste:
-
20:00etan Algortan (Telletxe)
-
20:30etan Itzubaltzetan (Kolas plazan)
Ugao: larunbatean manifestazioa. 18:30 herriko plazatik.
Maiatzaren 26an: bakearen eta askatasunaren apustu irmoa hautetsontzietan erakustea, EH Bildu bozkatuz.