Aitor Elortza omendu zuen larunbatean Ezker Abertzaleak

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Algorta-Getxo 2020ko urt. 27a, 21:08

Bere heriotzaren 14. urteurrenean, ekitaldia antolatu zuen Ezker Abertzaleak Algortako Tellagorri enparantzan, "Aitorren heriotza baino, bere bizitza gogora ekartzeko, ingurukoengan pentsatuta borrokatu zuen kidearen bizitza".

Bi dantzarik eskainitako agurrarekin hasi zen 2006an erbestean bizia galdu zuen algortarraren omenezko ekitaldia. Ostean, era kolektiboan egindako lore eskaintzaren ondoren, hitza hartu zuen Algorta-Getxoko Sortuko kide batek. "Urteroko liturgia izatetik urrun, berebiziko memoria ariketa kolektibotzat" jo zuen omenaldia. Aitor Elortza berriz, "kontraesanek zeharkatutako gorputz" bezala irudikatu zuen, "zalantzaz beteriko burua zuen pertsona" gisa, baina "bere txikitasunetik, bere ezintasun guztiekin, bere eskuetan zegoena egiteko erantzukizunari uko egin ez zion borrokalari" bezala ere bai. Ezker Abertzaleko bozeramailearen esanetan, "Aitorrek irudikatzen duena da Ezker Abertzalea izan dena, eta izan behar dena: herri honekiko eta bere jendearekiko maitasunez beteta, konpromiso maila altua erakusten duen komunitate soziopolitikoa."

Oholtzatik gogoan izan zuten iheslarien drama, deportatuen egoera, ez direla iraganeko kontua. Hala ere, "izan Euskal Herritik urrun, edo Euskal Herrian bertan baina etxetik kanpo, duintasuna erakusten jarraitzen dute, borroka egiteagatik alde egin zutela, baina borrokatzeari utzi ez diotela oraindik ere, eta pausuak ematen ari direla. Pausuak, askotan euren egoera pertsonala arriskuan jarriz, baina beti Euskal Herria buruan", esan zenez.

Azkenik, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko (EIPK) bozeramaile den Jon Irazolak hartu zuen hitza. Honek, Aitor Elortza ez ezik, bere arreba Bakarne, eta, batez ere, bere ama Bisi Unanue, "iheslari guztien ama, aterpe eta eredu izan zena, abertzale sutsua, eskuzabala eta maitagarria" izan zituen gogoan. Iheslariak tortura eta espetxeari ihes egiteko alde egin zutela gogorarazi zuen, deserria "zigor latz" bezala definituz. Aitorren bizitza horrela irudikatu zuen, paper gabe, asistentzia medikurik gabe, zailtasunez beteriko bizitza. Bere esanetan, "beldurrik gabe esan dezakegu erbesteak hil zuela Aitor". Oraindik ere 43 iheslari eta 9 deportatu itzuli ezinean direla gogorarazi zuen, euren artean algortar bat. EIPKren datuen arabera, azken bost hamarkadetan 2500 iheslari egon dira (1000tik batek jo du atzerrira beraz), 84 hil dira edo erail dituzte, euren artean Xabier Galdeano eta Aitor Elortza bera, 271 estradizio edo euroagindu, eta 383 entrega edo kanporatze egon dira, eta hauetatik gutxienez 158 kidek jasan dituzte torturak. Deportatuak guztira, 70 izan dira. Jon Irazolaren esanetan, preso, iheslari eta deportatuak dauden bitartean, ez da posible izango bizikidetza lortzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun