Otsailak 13, torturaren aurkako eguna

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Algorta-Getxo 2020ko ots. 13a, 16:15

Egia osoa argitara!

Joseba Arregi gaur bezalako egun batean hil zuten, 1981ean. Torturapean. Urtemuga lazgarri honetan, Sortuk torturaren gaia alfonbrapetik atera eta egia osoa argitara atera beharra adierazi nahi du. Hona adierazpen osoa:

Herri honetan, minarekin batera bizitzen ikasi behar izan dugu. Guardia Zibilaren, Espaniako Poliziaren zein Ertzaintzaren kuarteletan noizbait egin ziguten mina –min infinitua– inoiz ez da sendatu: barru-barruan gurekin daramagu, edonoiz, edonora. Noizbait iraindu egin gintuzten eta umiliatu, mespretxatu eta gutxietsi, ukitu eta ito, jo eta bortxatu... eta gure arteko zenbait hil ere egin zituzten. Hutsaren hurrengoa sentitu ginen, baina zauri guztiekin burua altxa eta aurrera egiten ikasi genuen. Beti ere minez, baina gure herriaren askatasunaren alde borrokan jarraitzeko gai izan ginen.

 

Herri honetan, tortura arma aski sofistikatua izan da euskal independentismoaren aurka jarduteko. Arma sistematiko eta sistemikoa. Funtzionatzeko, sare kafkiar bat antolatu zuten, beren arduradun politiko, instituzional, polizial, mediko, judizial eta mediatikoen inplikazioz. Makineria handia, gu txikiagotu eta txikitzeko. Baina 5.655 laguni egin digutena ez omen da gertatu; geure burutazioa baino ez omen da. Eta geure mina areagotu duena horixe da azken batean, aitortza gabezia hori. Zeren eta gurekin daramagun mina sekula desagertuko ez bada ere, gertatutakoa argitara ateratzeak zama astun hau nabarmen arindu lezake.

 

Egia osoa argitara emateko bide luzea geratzen da oraindik. Eusko Jaurlaritzak egin zuen lehen urratsa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tortura kasuak EHUren Kriminologiaren Euskal Institutuaren bidez ikertzeko eskatzean, Pako Etxeberriaren gidaritzapean. Nafarroan, ausardia eskatu genion Barkosen Gobernuari bide bera jorra zezan baina ez zuen behar besteko adorerik izan presioei aurre egiteko. Konstituzio Auzitegiak Polizien biktimen foru legea indarrik gabe utzi bazuen ere, orain Chiviteren Gobernuari eskatzen diogu gaiari modu serioan heldu diezaion.

 

Horrekin batera, Espainiako kartzeletan dauden berrehunen bat preso politikoetatik 120 torturatu egin zituzten atxilotu zituztenean. Horiek guztiak kalean egongo lirateke, Istanbulgo protokoloan oinarrituz, trantsiziozko justizia aplikatuta. Hori egitea, sakonean, torturatu egin dela onartzea litzateke, aitortzarako bidean beste pauso bat. Zenbat min arindu daitekeen horrela! Baina hemen, kuarteletan, komisarietan, ez omen da deus gertatu. Torturak inpunitate osoa izaten jarraitzen du, eta torturatzaileak kategoriaz igo ez ezik kondekoratu ere egin dituzte kasu askotan.

 

Azken batean, torturak eragin digun mina icebergaren tontorra baino ez da. Torturaren existentzia isilaraziz, sakonean gatazka politiko bat ezkutatzen ari dira. Modu horretan, fikziozko errelato bat inposatu nahi digute, zintzoen eta gaiztoen artekoa, herri oso bati hitza eta erabakia ukatzen jarraitzeko, herri oso baten mina betikotzeko.

 

Egia osoa argitara ematea behar beharrezkoa dugu, ez bakarrik gure mina arintzeko, baizik eta herri honek bake eta askatasun agertoki berri batera aurrera egiteko ere. Sufrimendu batzuk ukatzeak gatazkara gehiago katramilatzen gaitu eta gatazka betikotzen du. Gure seme-alabek oinordekotzan ez dezatela gure mina jaso, bakean eta aske bizi den herri bat baizik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun