Egun hauetan badirudi mundua geratu egin dela, eta mugitzen den edozerk, birusaren inguruan egiten duela soilik. Hala ematen dute aditzera komunikabideek, sare sozialek, edota lagunen arteko elkarrizketek. Baina ez gaitezen erratu, munduak biraka jarraitzen du, eta ez soilik Covid-19ak sortutako arazoaren inguruan. Honaino arrastaka ekarri ditugun arazo guztiak jarri dira dantzan, eta asko, inoiz baino biziago.
Garrantzitsua da beraz, egungo panorama baloratzerakoan, burua altxa eta atzerako ispiluan begirada pausatzea, momentu batez bederen. Krisietan denak muturreko joera hartzen duelako, baina ez da deus ezerezetik sortzen. Zer erabakik, zer politikak, zer sistema ekonomikok ekarri gaituzte hona, egin gaituzte gu? Eta berebizikoa da memoria ariketa hau, baita ere, arazo hauei aurre egiteko moldeak bilatzerako orduan, ereduak topatu nahian. Iraganaren ispilutik oraina ulertu eta etorkizuna irudikatu daitekeelako. Beti dituelako irakaspenak guretzako.
Ariketa hori egiten jarrita, egun hauetan batzuoi ezinezkoa irudituko zaigu Xabier Galdeanoren heriotza gogora ez ekartzea. 35 urte dira jada GALek erail zuenetik. Baina ziur, urtemuga hau behin gogoan hartuta, ezinezko egingo zaiguna bere bizitza ez gogoratzea izango dela. Izan ere, Xabierren bizitzak zer edo zer erakusten badigu, arazoei irtenbidea topatzeko modua da. Berak hala bilatu gabe utzi digun eredua bizi-filosofia bat baita, sinplea oso. Arazoaz kontziente izanik, honi aurre egitea, bestearena denean propio sentituz.
Agian Xabier ez zen izan, bere garaian, anomalia bat. Agian, mundua ulertzeko modu berezi bat zuten milaka euskal herritarretako bat besterik ez zen, pertsonengatik arduratzen zena, diruagatik baino gehiago. Eta horregatik sartu zen buru-belarri Algortako ikastolaren sorreran, besteek euskaraz bizitzeko eskubidea izan zezaten txiki-txikitatik. Eta agian motibo berdinek bultzatu zuten Eginen sorreran parte hartzera, ahotsik ez zutenei ahotsa eman nahian. Eta ez zuen bakarrik egin.
Konstelazio oso baten parte izan zen Xabier, eta bere ekintzek ere badute zerikusia gaur garenarekin. Bere pausuek ere bideratu gaituzte hona, eta egin gaituzte gu. Bereek, beste milaka izen anonimoenek lagunduta.
Egun ere, milaka gara pertsona diruaren aurretik jartzen jarraitzen dugunok. Bizitza kapitalaren gainetik. Eta hasieran esan bezala, meritua ez da osorik gurea. Ezer ez baitator ezerezetik. Zaintzaren krisia inoiz baino biziagoa den honetan, honi aurre egiteko martxan jarri diren herri proiektu guztiek badute Xabierren eredutik zerbait. Langileen plantoek ere badute bere grinaren parte bat. Zurrunbilo eta kaos informatibo honetan argitasuna eskaintzen diguten medio gutxiek badute bere izaeratik zerbait. Eta inongo meriturik espero gabe lanean dabilen jendeak ere badu berak zuen indarra.
Covid-19ak gure bizitzak erabat aztoratu ditu, eta inoiz baino informazio uholde gehiago jasotzen ari gara, beti pandemiaren inguruan. Egoera larria denik ezin ukatu, baina aurrera egingo dugula argi dago baita. Beraz, zurrunbilo honetan ere, ez dezagun bistatik gal Xabierren eredua. Nola aurre egiten diogun arazoari, horrek asko markatuko duelako etorkizuna. Eta ez dezagun ahaztu Xabier konstelazio oso baten parte zenik ere. Kolektiboki eta behetik gora jardun ezean, kapitalak banan banan irentsiko gaituelako bestela.