Urriaren 12an, ezer ez ospatzeko!

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Algorta-Getxo 2020ko urr. 10a, 11:13

Urriaren 8an, aktibista talde batek espainiar erreinuaren izaera inperialista eta koloniala salatzeko ekimena egin zuen, Cristobal Colon eta Felipe VI.aren argazkiak errez. Gora Herriak! lemapean burutu zen salaketa.

Ezaguna da espainiar inperioak bere sorreratik bertatik izan duen izaera koloniala, baina egun ere, inperioa aspaldi desagertu bazen ere, mantentzen du. Euskal Herriaren kasuan, oraindik orain era zuzenean, munduko beste hainbat txokotan, bestelako tresnen bidez (argienak enpresa multinazionalak).

Espainiaren historia kolonialean, baina, Euskal Herriaren posizioa konplexua da. Espainiar kolonialismoa salatzen dugu, kolonialismo horretan gure herriak historikoki izandako parte hartzearekin batera. Baina aldi berean, espainiar eta frantziar supremazismoak zapaldu egin gaitu. Inperioen parte izatean, Europan, haren pribilegioez baliatu gara; baina inperioen mende egotean, aldi berean, indarrez menderatu dituzte gure hizkuntza, kultura eta instituzioak.

Irakurketa hori oinarri, Euskal Errepublika anitza aldarrikatu eta espainiar erreinuaren izaera koloniala salatzeko, hamarnaka aktibistek Bolue kalean hasi eta Txiki-Otaegi enparantzan bukatu zen kalejira egin zuten, Colonen eta Felipe VI.aren argazkiak buruz behera eramanez. Bertan, argazki hauek erre zituzten ikurrina, Wiphala eta nafar banderak astintzen zituzten bitartean. Amaieran, urriaren 12an bertan Iruñeako gaztelu plazan burutuko den ekimenean parte hartzeko deia luzatu zuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun