Herri honek aspalditik salatu du preso gaixo larrien muturreko egoera. Mendekuan oinarritutako espetxe politikak heriotzeraino eramaten dituela eta eraman dituela hainbat euskal herritar. Anjel izan zen horietako bat. Anjel gaixo zegoen, eta argi eta garbi abisatu genuen: hiltzen ari zarete. Horren aurrean, espainiar erregimenaren mugarik gabeko krudelkeria parez pare ezagutu genuen, berriro ere. Etxean preso kondenatuta, askatasunik gabe, bere heriotzera arte.
Urte askotako blokeo egoeraren ostean, espetxe politika mugitzen hastea lortu dugu. Espetxeetako egoera aldatzen ari da: dispertsio eta sakabanaketarekin amaitzeko urratsak ematen ari dira eta gradu aldaketak baimentzen hasi dira, besteak beste. Aldaketa horiek urteetako lan eta herri mobilizazioaren ondorioz ematen ari dira, zalantzarik gabe. Ez dira nahikoak, ez guretzako, behintzat. Izan ere, gogoratu behar ditugu azken hamarkadan espetxe politika krudel honen ondorioz hil diren euskal preso politiko guztiak.
Guk preso politikorik gabeko Euskal Herria nahi dugu, eta horretarako, euskal preso politiko guztiak kalean egon behar dute, ez dago tarteko aukerarik. Bide horretan, ematen hasi diren urratsak positiboak dira, baina espetxeak hustu arte ez dugu etsiko. Horretarako, herri mobilizazioa biderkatzea ezinbestekoa da, hasitako bidea itzulezina egiteko. Anjelengatik zein hamarkada hauetan zehar espetxe politika kriminalak eraman dituen euskal herritar guztiengatik; zor diegulako, espetxeak hustuko ditugu!
Anjel, zure memoria borroka honetan ipar izan dadila.
Ez zaitugu ahaztuko. Beti gogoan!
Agur eta ohore, Anjel.