Txikia, gogoan zaitugu!

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Algorta-Getxo 2021ko api. 19a, 10:41
Gaurko egunean, duela jada 48 urte, espainiar poliziak Eustakio Mendizabal, Txikia, hil zuen Algortan. ETAko militante, poeta eta euskaltzalea, sona handiko ekintzailea, gure herriaren historian letra larriz agertu beharreko pertsonaia historikoa.
Txikiak Txabi Etxebarrietaren heriotzaren, Burgoseko prozesuaren eta Carrero hil zuen ekintzaren arteko ETA ezagutu zuen, pisu nabarmena lortuz erakunde armatuan. Euskaltzale sutsua izanik, heltzen zitzaizkion euskarazko liburu guztiak irakurtzen zituen. Ezagutu zutenek, hala ere, intelektual baino, ekintzailetzat definitzen dute, eta zuzendaritza giroko baino, oinarriko militante eta jende xehearekin ibiltzekoa.
 
Berpizte kultural, politiko eta sozial garai betean jardun zuen Txikiak, berak ere bere alea jarriz Euskal Herriaren kontzientzia hartze kolektiboan. Intuizio handiko pertsona izanik, giro nahasi hartan ETAren baitan eman ziren salto kualitatibo esanguratsuen atzean egon zen. Bere obsesioetako bat zen, aurrerapauso horiek eman bitartean, herriaren konfiantza mantentzea. Obsesio honek bazuen isla bere jardunean, eta nahiz eta klandestinitatean aritzera behartua zegoen, askotan ikusten zuten ezagunek jende artean, bere herrian, Donostian... Izan ere, herri xehearekiko kontaktua ez galtzeak berebiziko garrantzia zuen berarentzat. Bazekien, eta horrela aitortu izan zien arriskuaz ohartarazi ziotenei, heriotza zuela esperoan. Baina sinetsita zegoen hartutako konpromisoan, eta sinetsita baita herriarekin bat egite horretan.
 
Algortan egin zuen topo heriotzarekin, duela jada 48 urte. 1970eko Basauriko ihesaldiaren prestaketa lanetan ibilia, jada garai hartatik ezagutzen zuen Algorta Txikiak. 1973ko apirilaren 19an baina, Peixoto militante historikoarekin zeukan zita batetan, espainiar poliziak tiroz hilko zuen ETAko kidea. 
 
Ordutik, Euskal Herriaren askatasunaren alde lan eskerga egin zuen Eustakio Mendizabalen izena ez da ahanzturan gelditu. Telesforo Monzonen abestiak oroitarazten digu, Txikia, bere aurretik ere gure herriaren alde bizitza eman duten gizon-emakumeen oinordeko dela. Algortan urtero jasotzen du merezitako errekonozimendua. Eta duela urte batzuk arte, bere memoria plaza baten bidez omentzen genuen baita ere. Baina 1980ko maiatzaren 17an Getxoko Udalbatzak Txikia plaza izendatu bazuen ere (EAJ eta HBko botoekin eta PSEren abstentzioarekin), herri honen etorkizuna baldintzatzeko bere memoria desagerrarazi nahi dutenek debekua ezarri ziguten. Euskal Herria bera ukatzen jarraitzen dutenek, bere alde bizia eman duten kideen izena historia liburuetatik eta gure herriko izendegitik desagerrarazi nahi dute. Sortuk argi dauka: eurek presente edukitzeko modu onena, herri honek bere etorkizuna askatasunean erabakitzeko borrokan segitzea da. Euren borroka eta bizitzak alferrikakoak izan ez zirela demostratzeko modu onena, utzitako lorratzei jarraitzea.
 
Gure haurrek, biharko ikastoletan, heien izenak abestu ditzaten, eta etorkizuneko Euskal Herrian bakean eta askatasunean bizi gaitezen.
 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun