Aitor Elortzaren bizitza borrokari eta errepresioari lotutako bizitza izan zen. Euskal Herriarekiko zuen lotura eta maitasunak gazte-gaztetatik antolatzera eraman zuen. Edozein motatako injustizien aurrean altxatu eta erantzun beharrak bere konpromiso militantean sakontzera eraman zuten. Horren ondorio ere izan zen estatuen errepresio gordina, Aitor eta bere familiak ongi ezagutu zutena. Espetxeratzeko eta torturatua izateko arriskua parez pare izanik, beste hainbat eta hainbat euskal herritarrek bezala, iparraldera egin zuen alde, eta ondoren Mexikora; senideengandik are urrunago, aberritik milaka kilometrotara. Iparraldera berriz bueltatzean, egoera ez zen askoz samurragoa izan. Etengabeko atxiloketek sortzen zuten segurtasun ezari urte batzuk geroago Xabier Galdeano hilko zuen GALen mamua batu zitzaion. Berriro espetxeratua eta Frantzian konfinatua izan zen, Euskal Herrira bueltatzea lortu zuenera arte.
Hasieran esan bezala, etengabeko borrokak eta errepresioak markatutako bizitza izan zen Aitorrena. Gordintasun horrek gure herriak azken hamarkadetan pairatu duen gatazka politikoaren gogortasunaren isla erakusten du. Eta Aitorrek, inor baino hobeto, Ezker Abertzalea izan dena eta izan behar dena irudikatzen du: herri honekiko eta bere jendearekiko maitasunez beteriko kidea, konpromiso politikoa erakusten duen komunitateko militantea. Horrela gogoratzen zaitugu, Aitor. Doakizu gure aitortza eta omenaldirik onena!
Aitor Elortza bezala, bere herrian atxilotua, jazartua edota eraila izatearen beldur, Euskal Herritik ihes egin behar izan dute ehundaka kidek azken hamarkadetan. Kide guzti horiek urteak pasa dituzte Euskal Herria zapaldu gabe, herritik urrun, familiatik bananduta, euren komunitate politikotik aldenduak. Hori ere izan da eta bada Euskal Herriko gatazka politikoaren memoria eta hori bera mahai gaineratuko nahi dugu gaurko ekitaldian, iheslarien drama eta deportatuen egoera, ez direla iraganeko kontua.
Etxeratze bidea hartzeko iniziatiba urrats garrantzitsua izan zen, zalantzarik gabe, eta horri esker gure artean ditugu urte luzez ihesean egondako kide asko. Bide luzearen ostean berriro gure artean izateak pozten gaitu. Hori baita iheslari eta deportatuen egoerari konponbidea emateko irtenbide bakarra, denak etxean, gurekin eta aske egotea.
Bide batez, gure poza adierazi nahi dugu duela astebete jaso genuen David Urdin iheslari politiko ohiaren askatasunaren albisteagatik, kondena larri baten arriskua saihestuta kalean baitago egun. Hala ere, oraindik 28 iheslari politiko eta zortzi deportatu politiko ditu Euskal Herriak. Konponbide garaia da, ez konponbidea katramilatzekoa. Guztiak etxean eta aske behar ditugu, eta horregatik, ezin dugu onartu Auzitegi Nazionalak itzultzea nahi duten iheslariei oztopoak jartzen jarraitzea. Alde batera utz dezatela behingoz mendekuzko jarrera errepresiboa.
Gaurkoan Aitor Elortza gogoratu eta omentzen dugu, eta bide batez, gaurko eguna errefuxiatu eta iheslari politikoen nazioarteko eguna dela kontuan izanda, arrazoi politikoengatik euren herritik alde egitera behartuak izan diren pertsonei gure babes osoa eskaini nahi diegu. Eta nola ez, jazarpenaren, torturaren eta heriotzaren beldurrez ihes egin behar izan duten euskal herritar guztiei gure aitortza eta errekonozimendua eman nahi diegu. Urte guzti hauetan zehar izan duzuen duintasuna eta kemena borrokan jarraitzeko erregaia izango dira, ez izan zalantzarik.
Gora munduko eta Euskal Herriko errefuxiatu, iheslari eta deportatu politikoak!
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Aitor!
Gora Aitor!