Jadanik 37 urte igaro dira Espainiako indarrek, GAL-en izenpean, Donibane Lohitzunen Xabier Galdeano algortarra erail zutenetik. Jakin badakigu GAL-en arduradun nagusiak izen abizenak dituela, aski ezaguna zaigu. Baina oraindik orain, eremu politiko-instituzionaletik ez da inolako aitortzarik ez eta errekonozimendurik jaso, ez eta justiziazko itxiera bat eman ere. Hauxe da, tamalez, Espainiar Gobernuak Euskal Herriari eskaintzen dion zoru etikoa.
Xabierren bizitzak zer edo zer erakutsi baldin badigu, herri honekiko ardura eta konpromiso zurruna dira. Besteak beste, horren isla da Algortako ikastolaren sorreran buru-belarri sartu izana, ordukoek eta ondorengoek euskaraz bizitzeko eskubidea izan zezaten, txiki-txikitatik. Eta agian motibo berdinek bultzatu zuten Eginen sorreran parte hartzera, ahotsik ez zutenei ahotsa eman nahian. Xabierrek zihoen bezala, "nere bizitzak ez luke batere zentzurik ezkutuan eta ahal dudana eskaini ezinean ibili beharko banu”.
Agur eta ohore, Xabier!
Gogoan zaitugu!