Uztailean hasi zen 13/13 auzia Espainiako Audientzia Nazionalean, presoen eskubideen defentsan lan egiten zuten zazpi pertsonaren kontrako epaiketa, tartean abokatuak.
Ehun legegilek epaiketan zehar izandako irregulartasunak salatu zituzten: gertakizun berdinagatik bi aldiz kondenatzea, abokatuen bulegoen erregistroak, auzipetuen tortura salaketak, oinarrizko eskubideen urraketak…
Eta orain, sententzia etorri da; zazpi urte eta erdirainoko espetxe zigorrak. Larria da sententzia honek utzitakoa. Erabat larria da, sufrikarioa besterik ez duelako eragiten ebazpen honek. Erabat larria da, zigor hauek konponbide demokratikoa oztopatzen dutelako.
Gure herrian irekitako denbora berriaren ostean, “dena ETA da” printzipio salatzailea oinarri duten jarduerak ez dira onargarriak. 13/13 auziko epaiketa denboraz eta lekuz kanpo dago, eta gure herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzeko kontrako norabidean doa. Euskal herritarrak espetxeratzen jarraitu ordez, epaiketari irtenbide justua eman eta, are, euskal presoak atzerapen gehiagorik gabe etxeratzeko garaia da. Oraindik helegitea aurkezteko aukera dago eta, beraz, sententzia ez da irmoa.
13/13 zigorrik ez! Konponbide garaia da!