Txikia euskaltzale eta olerkari izan zen lehenik, eta kulturgintzatik pasa zen ETAko militantziara, garaiko bilakaera natural batean. Berpizte kultural, politiko eta sozial garai betean jardun zuen Txikiak, berak ere bere alea jarriz Euskal Herriaren kontzientzia hartze kolektiboan. Intuizio handiko pertsona izanik, giro nahasi hartan ETAren baitan eman ziren urrats kualitatibo esanguratsuen atzean egon zen. Eta era berean, une garrantzitsuenetarikoak ere ezagutu zituen: ETA V. eta ETA VI. arteko zatiketa, Txabi Etxebarrietaren heriotza, Burgosko prozesua eta Carrero hil zuen ekintzaren prestaketak, besteak beste.
Paper nabarmena jokatu zuen ETA V.aren eraketa eta jardunean. Are, fronte militarreko arduraduna izan zen 1971. urtetik aurrera, eta ezagutu zutenek, buruzagirik karismatikoena izan zela diote.
Horrexegatik, tartean, berak ere bazekien, eta horrela aitortu izan zien arriskuaz ohartarazi ziotenei, heriotza zuela esperoan. Baina sinetsita zegoen hartutako konpromisoan, eta sinetsita ere herriarekin bat egite horretan. Herri xehearekiko kontaktua ez galtzeak berebiziko garrantzia zuen berarentzat.
Espainiako polizia aspaldi zuen atzetik Txikiak, eta hainbatetan ihes egitea lortu zuen. 1973ko apirilaren 19an, baina, heriotzarekin egin zuen topo, azkenerako, 28 urte zituela. Algortako tren geltokira heldua zen, han Peixoto militante historikoarekin gelditua baitzegoen. Baina iritsi orduko, zain zuen espainiar polizia. Korrika bizian atera ziren biak. Peixotok ihes egitea lortu zuen; Txikia, tiroz hil zuten.
Ordutik, Euskal Herriaren askatasunaren alde lan eskerga egin zuen Eustakio Mendizabalen izena ez da ahanzturan gelditu. Ezker Abertzaleak argi du, Txikia zein herri honen alde borrokan eroritako gudari guztiak presente edukitzeko modurik onena, herri honek bere etorkizuna askatasunean erabakitzeko borrokan segitzea da, utzitako lorratzei jarraitzea.
Gure haurrek, biharko ikastoletan, heien izenak abestu ditzaten, eta etorkizuneko Euskal Herrian bakean eta askatasunean bizi gaitezen.
Txikia, gogoan zaitugu,
Jo ta ke, irabazi arte!