Oligopolio energetikoen kontrako eta trantsizio ekologiko justu baten aldeko kanpaina egin du Sortuk

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Algorta-Getxo 2022ko urr. 28a, 10:03

Sanchez Galan eta Josu Jon Imaz gero eta aberatsagoak diren heinean, herritarron gehiengoa pobretzen ari dela salatu du antolakunde abertzaleak.

 

Igandean Lemoizen egindako ekimenaren ostean, Uribe Kostako beste herri batzuetan ere segida eman zaio trantsizio ekologiko justu eta demokratiko baten aldeko kanpainari. Kaleetan mural erraldoiak itsatsiz, Repsol edo Iberdrola moduko konpainia energetiko handien jarduna kritikatu dute ekintzaileek.

Honako mezua helarazi nahi izan du Sortuk:

Gogor salatzen dugu oligopolio energetiko kriminalaren harropuzkeria, elkartasun falta eta diruzalekeria. Izan ere, haien asmo bakarra da dirua egitea, kosta ahala kosta. Pobretu egin gaituzte, inozo deitu digute eta ez dute
lotsarik esateko ez daudela prest zerga gehiago ordaintzeko.

Zu, irakurle, konturatuko zinen zenbat igo den bizitza oro har, batez ere energia. Bada Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak 4,24 milioi euro irabazi zituen iaz (egunean 11.600 euro). Eta Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak, 13,2 milioi (egunean 36.160 euro). Ankerra baino ankerragoa da gutxi batzuek gero eta gehiago pilatzen duten bitartean, gehienek gero eta gutxiago izatea.

Kapitalismo basati honek ekarri gaitu amildegira. Beste hamaika krisirekin batera eragin ditu energia- eta klima-krisia. Herritarrok, langileok, pentsiodunok, migratzaileok, gazteok, emakumeok, ez dugu zertan ordaindu.

Asko dago jokoan. Behar-beharrezkoa dugu errotikako aldaketa bat, energia-trantsizio justua eta demokratikoa behar dugu. Horregatik, energia sektorean berehalako esku-hartzea aldarrikatzen dugu, herritarrok energiagatik prezio justua ordaintzeko, gutxi batzuek denon kontura negozioa egitea galarazteko, berriztagarrietan oinarritzeko, CO2 isuriak gelditzeko eta oligopolio handiek nuklearra eta gasa bezalako energiak berdez ez margotzeko.

Bestalde, energia-burujabetza behar dugu, alegia, hemen ekoiztea hemen behar dugun energia. Gaur-gaurkoz energia-inportatzaile hutsak gara. EAEn, %90 kanpotik ekartzen dugu; Nafarroan, %79. Menpekotasun horrek gure herria zaurgarri egiten du, orain ikusten ari garen bezala. Oligopolioen interesetatik at, gure energia beharrak planifikatu eta berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetikoaren alde borrokatzeko dei egiten dugu. Olatu bat altxa behar dugu.

Horrexegatik, guk ere azaroaren 12an Bilbon EH Bilduk ‘Abante’ lelopean egingo duen manifestazioan parte hartuko dugu.



Algorta



Sopela




Erandio


Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun