Aitor Elortza gogoan | 2023

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Algorta-Getxo 2023ko urt. 16a, 16:49

17 urte bete dira aurten espainiar zein frantziar estatuen errepresioak Aitor Elortza herrikidearen bizitza eraman zuenetik.

Ondo ezagutu zuen Aitorrek bere bizitzan zehar deserriaren drama. Bere herrian atxilotua, jazartua edota eraila izatearen beldur, Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen Aitorrek eta baita beste ehundaka kidek azken hamarkadetan. Kide guzti horiek urteak pasa dituzte Euskal Herria zapaldu gabe, herritik urrun, familiatik bananduta, euren komunitate politikotik aldenduak. Hori ere izan da eta bada Euskal Herriko gatazka politikoaren memoria eta hori bera mahai gaineratu beharra dugu.

Baina badaukagu tartea oraindik. Iheslari eta deportatuen auzia ez da iragana. Oraindik ere, herri honen askatasunaren aldeko hautua egiteagatik ihesari ekin behar izan zioten ehunaka euskaldun ditugu barreiatuta munduan zehar, asko egoera ezin larriagoan. Aitor deserrian hil zitzaigun, eta ez zen azkena izan. Elortza Unanue familia menderatu ezin izan zuten bezala, ez gaituzte gu menderatuko. Sufrimendua eragiten jarrai dezakete, inoiz justiziatik gertu egon ez den egoera mantenduz, baina ez dute lortuko, orain arte lortu ez duten bezala. Argiki erakutsi dugu ez dituztela beraien helburuak lortuko, ez dutela herri hau asimilatzerik izango. Eternala bilakatzen ari diren sufrimenduak ez du zentzurik, ezta beraien eskema politikoetan ere. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboan adinez oso nagusi diren kideak ditugu, baita gaixo larriak ere. Gure herriaren defentsan jarduteagatik errepresaliatutako kideen kontrako mendekua mugaraino eraman nahian dabiltza, xantaia politiko gisa erabiliz beraien egoera. Garaitu eta garaileen eskema irentsiarazi nahi digute.

Euskal preso politikoen etxerako bidean urratsak eman eta bidea argitzen hasi garen bezala, bada garaia iheslari eta deportatu politikoen itzuleran bideorria marrazten hasi eta sakontzen hasteko. Iheslari andana bueltatu dira azken urteetan Euskal Herrira, baina oraindik ere kide asko geratzen dira ihesean jarraitzen dutenak. Bueltatu direnengatik zein laster bueltatuko direnengatik, gure omenaldirik onena, garaipena!

Iheslari, errefuxiatu eta deportatu politikoak Euskal Herrian aske!

Aitor, gogoan zaitugu!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun