Anjel Figeroa | 2013-2023 Heriotzaren 10.urtemuga

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Algorta-Getxo 2023ko mar. 14a, 00:15

2013ko Martxoaren 14a. Gure memorian beltzez markatutako data, ahaztu ezineko eguna algortarrontzat. Hamar urte igaro dira ordutik, baina egun hartako min eta amorruak bere horretan jarraitzen du. Izan ere, gure herriko bizitza bat lapurtu ziguten egun hartan.  Anjel Figeroa joan egin zitzaigun, baina bere heriotza ez zen naturala izan. Espainiar estatuaren espetxe politika kriminalak hil zuen gure auzokidea. 

Herri honek aspalditik salatu du preso gaixo larrien muturreko egoera. Mendekuan oinarritutako espetxe politikak heriotzeraino eramaten dituela eta eraman dituela hainbat euskal herritar. Anjel izan zen horietako bat. Anjel gaixo zegoen, eta argi eta garbi abisatu genuen: hiltzen ari zarete. Horren aurrean, espainiar erregimenaren mugarik gabeko krudelkeria parez pare ezagutu genuen, berriro ere. Etxean preso kondenatuta, askatasunik gabe, bere heriotzera arte.

Urte askotako blokeo egoeraren ostean, espetxe politika mugitzen hastea lortu dugu. Espetxeetako egoera aldatzen ari da: dispertsio eta sakabanaketarekin amaitzea lortu dugu eta gradu aldaketak baimentzen hasi dira, besteak beste. Aldaketa horiek urteetako lan eta herri mobilizazioaren ondorioz ematen ari dira, zalantzarik gabe. Baina ez dira nahikoak, ez guretzako, behintzat. Izan ere, gogoratu behar ditugu azken hamarkadan espetxe politika krudel honen ondorioz hil diren euskal preso politiko guztiak. 

Guk preso politikorik gabeko Euskal Herria nahi dugu, eta horretarako, euskal preso politiko guztiak kalean egon arte ez dugu etsiko. Horretarako, herri mobilizazioa erronka berrietara egokitu eta biderkatzea ezinbestekoa da, hasitako bidea itzulezina egiteko. Anjelengatik zein hamarkada hauetan zehar espetxe politika kriminalak eraman dituen euskal herritar guztiengatik; zor diegulako, espetxeak hustuko ditugu! 

Anjel, zure memoria borroka honetan ipar izan dadila.

Ez zaitugu ahaztuko. Beti gogoan! 

Agur eta ohore, Anjel.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun