Xabier Galdeano | 1985 - 2023

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Algorta-Getxo 2023ko mar. 29a, 23:00

Gaur, martxoak 30, hein batean nahigabe baina, berariaz, gurata ere, gure komunitatearen baitan eta lagun zein senitartekoen artean, Xabier Galdeanoren heriotza datorkigu gogora. Eta are, gogora ekarri nahi eta behar dugu.

Jadanik 38 urte igaro dira Espainiako indarrek, GAL-en izenpean, Donibane Lohitzunen Xabier Galdeano algortarra erail zutenetik. Jakin badakigu GAL-en arduradun nagusiak izen abizenak dituela, aski ezaguna zaigu. Nahiz eta Eusko Jaurlaritzak estatu terrorismoaren biktimatzat onartu, Espainiako eremu politiko-instituzionaletik ez da inolako aitortzarik ez eta errekonozimendurik jaso, ez eta justiziazko itxiera bat eman ere. Hauxe da, tamalez, Espainiar Gobernuak Euskal Herriari eskaintzen dion zoru etikoa.

Xabierren bizitzak zer edo zer erakutsi baldin badigu, herri honekiko ardura eta konpromiso zurruna dira. Besteak beste, horren isla da Algortako ikastolaren sorreran buru-belarri sartu izana, ordukoek eta ondorengoek euskaraz bizitzeko eskubidea izan zezaten, txiki-txikitatik. Eta agian motibo berdinek bultzatu zuten Eginen sorreran parte hartzera, ahotsik ez zutenei ahotsa eman nahian. Xabierrek zihoen bezala, "nere bizitzak ez luke batere zentzurik ezkutuan eta ahal dudana eskaini ezinean ibili beharko banu”.

Konstelazio oso baten parte izan zen Xabier, eta bere ekintzek ere badute zerikusia gaur garenarekin. Bere pausuek, beste batzuenekin batera, bideratu gaituzte honaino, eta egin gaituzte gu. Oso presente zaitugu, Xabier; zure izena aipatzea nahikoa da utzi duzun oroimenaren goxoa nabaritzeko.

Agur eta ohore, Xabier!

Gogoan zaitugu!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun