Aitorrek gazte-gaztetatik heldu zion konpromiso militanteari, Euskal Herri justuago baten aldeko borrokara batuz. Eta horren ondorio izan zen frantziar eta espainiar estatuen aldetik jasan zuen errepresio gordina; horrexek eraman zuen deserrira. Bere herrian atxilotua, jazarria edota eraila izateko beldurraren ondorioz Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen, lehenik Iparraldera eta Mexikora ondoren. Urte batzuk geroago bueltatu zen Ipar Euskal Herrira, baina egoera ez zen aurretik zena baino lasaiagoa. Kontrara, atxiloketa arriskuari GALen mamua batu zitzaion.
Hain zuzen ere, 40 urte bete dira orain dela hilabete batzuk GALen lehen atentatutik, Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal militanteak Baionan bahitu, modu basatian torturatu eta erail zituenetik. Horrekin hasi zen GALen historia beltza, lau urtez luzatu zena eta 27 lagun eraman zituena. Batez ere, euskal iheslarien kontrako krimenak egin zituen GALek, Espainiako Estatuko aparatuak sustatuta eta babestuta. GAL estatu-terrorismoarekin sigla berria izan zen.
Aitorrek bezala, azken hamarkadetan ehundaka kidek, arrazoi politikoak medio, beren sorterria utzi behar izan dute. Kide guzti horiek urteak pasa dituzte Euskal Herria zapaldu gabe, herritik urrun, familiatik bananduta, euren komunitate politikotik aldenduak. Hori ere izan da eta bada Euskal Herriko gatazka politikoaren memoria.
Alabaina, iheslari eta deportatu politikoen auzia ez da iraganeko kontua. Oraindik ere, herri honen askatasunaren aldeko hautua egiteagatik ihesari ekin behar izan zioten ehunaka euskaldun ditugu barreiatuta munduan zehar, asko egoera ezin larriagoan. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboan adinez oso nagusi diren kideak ditugu, baita gaixo larriak ere. Euskal preso politikoen etxerako bidean urratsak eman eta bidea argitzen hasi garen bezala, bada garaia iheslari eta deportatu politikoen itzulera-prozesua bizkortzeko eta bermeak jartzeko. Iheslari andana bueltatu dira azken urteetan Euskal Herrira, baina oraindik ere kide asko dira ihesean jarraitzen dutenak. Bueltatu direnengatik zein laster bueltatuko direnengatik, gure omenaldirik onena, garaipena! Iheslari, errefuxiatu eta deportatu politikoak Euskal Herrian aske nahi ditugu.
Aitor, gogoan zaitugu!