Xabier Galdeano gogoan [2024]

Erabiltzailearen aurpegia Sortu Algorta-Getxo 2024ko mar. 30a, 15:30

Gaur 39 urte bete dira GALek Xabier Galdeano algortarra Donibane Lohitzunen erail zuenetik. Militante abertzale bat gehiago, GALen eskuetan eraila. Jakina da GAL sortzea Espainiako Gobernuaren erabaki politikoa izan zela, are gehiago, arkitektura sortzeko lanetan esku hartze zuzena izan zuten barne eta defentsa ministerioek. Hain zuzen ere, horregatik diogu; ez zen gerra zikina izan, estatu terrorismoa baizik.

Xabier Galdeano Donibane Lohitzunen erbesteratua zegoen orduantxe, eta bertan ere
Euskal Herriarekiko konpromisoari heldu zion. Indiferentziaz eta lasaitasunez bizitzea
aukeratu zezakeen, baina horren ordez, Euskal Herriak behar zuen altxaldiarekiko
ardura hartu zuen, bere xumetasunetik. Algortako ikastolaren sortzaile eta bultzatzaile
izan zen, bai eta Egin egunkariko sustatzaile eta kazetari ere. Zer esanik ez, euskal
prentsa independenteari zor diogu herri honen historia kontatu izana eta gauden tokian
kokatu izana. Xabierrek bezala, orduko eta egungo euskal kazetari independenteen lan
militantea ezinbestekoa izan da, eta da. Errelato konpartitua bertatik ere eraiki dugu,
eta etsaiak ere ondotxo daki hori. Egin eta Euskaldunon Egunkariaren itxierak dira
horren ondorio garbia. Hain zuzen ere, Eginekoa izateagatik izan zen jarraitua eta
atxilotua Xabier, behin baino gehiagotan. Horrek eraman zuen Ipar Euskal Herrian
gordetzera, baina handik ere jarraitu zuen bere ekarpena egiten, soilik 50 urte zituela
erail zuten arte.

Erantzule zuzenak ditu bere heriotzak, beste hainbatenak bezalaxe, baina Espainiako
eremu politiko-instituzionaletik oraindik orain ez da erantzukizunik hartu, ez eta
aitortzarik jaso ere.

Bide horretan urratsak eman daitezen lanean jarraitzea dagokigu guri, baina batez ere,
berak hasitako borrokaren lekukoa hartu eta, lasaitasun estrategikoz, Xabierrek zituen
helburu eta ilusioak bururaino eramatea da gure misioa. Bere pausuek, beste
batzuenekin batera, ekarri gaituzte honaino eta egin gaituzte gu. Eskertuta gaude, oso.

Beragatik, haiengatik, garaipenera arte!
Agur eta ohore, Xabier!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun