Subflubiala: Beste lege-haustura bat

Erabiltzailearen aurpegia Subflubiala EZ! Plataforma 2025ko ira. 22a, 11:50

Tokiko instituzioek herritarrak defendatzeko egiten dituzten keinu txiki eta ausartez elikatzen da, halaber, demokrazia. Horregatik, Getxoko Udalak Lamiakoren ibaipekoaren onarpen irregularra salatu behar du.

Onarpen irregularra: egutera bezain argi

Uztailaren 17an, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aldaketa argitaratu zen eta bertan oso baldintza espezifikoak ezartzen ziren. Besteak beste, sustatzaileak zarataren aurkako neurriak adostu behar zituela Asua-La Avanzada errepidearen bizilagunekin eta udaleko teknikariekin. Gainera, behin betiko proiektua onartu aurretik egin behar zen.

Hala ere, handik ordu gutxitara, Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko onarpena iragarri zuen. Ez zen inolako adostasunerako denborarik izan, ez bizilagunekin kontsultarik egiteko, eta, dirudienez, ez Udalarekin akordio teknikorik burutzeko.

Hau ez da irregulartasun bakarra izan. Uraren Euskal Agentziak obrari buruzko txostena egiteko alegazio-epea irekita zuen bitartean iragarri zen behin betiko proiektuaren onarpena.

Proiektua onartzeko presa horren zergatia galde daiteke. Zergatia? Pentsatzekoa da, diru-iturri nagusia obra publikoan duten eraikuntza-enpresa horiei "jaten ematea" dela Aldundiaren benetako motibazioa.

Irregulartasun administratiboa baino gehiago

Hau ez da kontu ñimiñoa. Ingurumen-inpaktuaren adierazpenak lotesleak dira legez; baldintzak ez dira iradokizunak, edozein proiektu onartu aurretik derrigorrezko lege-betebeharrak baizik.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legea da, ingurumena eta herritarrek parte hartzeko eskubideak babesten dituen araudia. Saltatzea irregularra baino, legez kanpokoa da, eta are larriagoa da instituzio publiko batek legea "erdizka" betetzea.

Hau azken tanta izan da, Subflubialaren ondoko ondorio negatibo hauei gehitzen zaiena: berotegi-efektuko gasen emisioen gehikuntza garbia; ingurumen-helburuen kontra joatea; Bilbo metropoliko mugikortasunaren eta garraioaren plangintza integralik ez izatea; irtenbide benetan iraunkorrak hipotekatzen dituen gehiegizko kostua izatea; eta Artaza eta Ballonti inguruneak benetako sakrifizio-eremu bihurtzea, bai obran, bai eragiketa-fasean.

Getxoko Udalaren erantzukizuna

Udalak herritarrengandik hurbilen dauden administrazioak dira, eta auzo-eskubideen defentsarako lehen lerroa izateko erantzukizuna dute.

Kasu honetan, Getxoko Udalak irmo jardun behar du. Izan ere, Udalak berak alegatu zuen Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena aldatzeko prozesuan, zonako zarata-arazoetarako proposatutako irtenbideak ez zuela udal-araudia betetzen. Hain zuzen ere, udal-alegazio horren ondorioz, behin-betiko proiektuaren onarpena aurretik kontsulta- eta adostasun-prozesuaren beharra jaso zuen aldaketaren dokumentuak, eta orain ez da kontuan hartu.

Beraz, Asua-La Avanzada errepideko bizilagunak defendatzeaz gain, bere eskumenak eta bere alegazioekiko koherentzia defendatzea derrigor zaio Udalari. Aldundiak ez dio jaramonik egin bizilagunen iritziari, ez eta Udalak berak ezinbestekotzat jo zituen eskakizun teknikoei erantzuteko prozedurari ere.

Beharrezko deialdiak

Horregatik guztiagatik, dei egiten diogu Getxoko Udalari lege-haustura hori formalki sala dezan, proiektua geldi dadila eska dezan eta beharrezko errekurtsoak aurkez ditzan.

Kontua ez da Subflubialaren alde edo aurka egotea, legea betetzeko eskatzea baizik.

Erabakitzeko unea

Tokiko demokraziak funtzionatzen duela erakusteko aukera du Getxok. Era berean, udalek aurre egin diezaioketela Aldundiari, legea urratzen duenean. Eta interes politikoen edo ekonomikoen gainetik herritarrok gaudela.

Denbora ahitzen ari da. Horregatik, ekiteko eskatzen diogu Udalari eta urriaren 18an, 18:00etan, Bilboko Arriagan antolatu dugun mobilizaziora etortzeko herritarrei.

Azkenean, honetan ere islatzen da demokrazia: beren herritarrak defendatzen dituzten instituzio ausartetan eta beren eskubideak defendatzen dituzten herritarrengan, bereziki beste instituzio batek, Aldundiak, ukatzen dituenean.

Getxoztarrok zain gaude. Gure Udalak benetan herritarron interesak defendatzen dituen ala, aitzitik, "bizarra lepoan" ipintzen duen ikusi nahi dugu.

Tomi Etxeandia

Subflubiala EZ! plataformakidea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun