Tartanga salbatzeko garaiz

Erabiltzailearen aurpegia Tartanga Berdea 2022ko ots. 18a, 09:00

Denbora daramate esaten "ez dagoela zer egiterik", aukera bideragarri bakarra gure auzoaren etorkizuna hipotekatzea dela, geratzen zaigun berdegune bakarrean 400 etxebizitza eraikiz. Gure bizi-kalitatea eta hurrengo belaunaldiena guztiz baldintzatu nahi dute.

Tartanga Berdea taldetik ez dugu etsiko, uste dugu gehiengo sozialak ez duela eraikuntza-proiektua onartzen. Pandemia garaian, gainera, inoiz baino argiago ikusi da aisialdirako berdegune zabalen beharra eta horien falta Altzaga auzoan. Porlanean eta espekulazioan oinarritzen ez diren aukerak aztertu behar dira. Irtenbide okerrena ezin da inoiz aukera bakarra izan. Lur publikoa zenak ezin du eraikitzaile enpresa pribatuen eskuetan amaitu.

Kontrakoa esaten diguten arren, zentzugabekeria hau geldiaraz daiteke, eta gure inguruan hainbat adibide daude non jendartearen presioak antzeko proiektuak geldiaraztea lortu duen. Horregatik diogu, garaiz gabiltzala eta kalera ateratzeko unea dela.

Otsailaren 20rako, Erandioko kaleak betetzeko deia egiten dugu, herritarron mobilizazioari esker lortuko baitugu berdegunea salbatzea. Tartanga berdea posible eta beharrezkoa da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun