Berriro getxoztarrez barrezka
Elkarren ezberdinak diren itxurakerian ibili ohi diren hiru partidu politiko horien hitzarmenak berraktibatu du, nolabait, 2007an Getxon LPPren aurka egindako mobilizazio masiboek gelditu zuten plana. Besteak beste, mutur bat Tosuko landan duen Martiturri estartan, “jarduera ekonomikoen parkea” eraiki nahi dute. Zer zentzu du jarduera ekonomikoko parke bat jartzeak Getxoko nekazalgunean? Oraindik sinetsarazi nahi digute parkinga garraio publikoa sustatzeko asmoz egingo dela? Ez al da jarduera ekonomikoen parkera autoz joateko izango?
Ekonomia parkea gutxi balitz, Andra Marin etxebizitzak eraikiko dituztela dio akordioak, oraindik zenbat eraiki nahi dituzten argitaratu ez duten arren. Kontuan izan behar da, Bizkaiko Foru Aldundiak berriki egindako LPPren berrikusketan, etxebizitza gehiagorik ez eraikitzeko gomendatu duela. Izan ere, BFAk datozen urteetarako populazio galera aurreikusi duenez, arduratuta dago inoiz baino zentzu gutxiago duen gune berdeen gutxitzeaz. Ulertzekoa da ardura, naturak 10 zentimetro sakonerako lur emankorra sortzeko
2000 urte inguru behar ditu eta. Hala ere, Getxoko Udalak ondo deritzo geratzen zaigun gune emankor bakarra zementuz estaltzeari. Nola ez da arduratuko BFA kasurik egiten ez dion Getxo bezalako udalerriak badaude? Zertarako LPP HAPOk aurkako joera hartuko badu? Imanol Landa, gazte eta errebelde?
Krisi arteko amnesia
Oraindik krisitik irten gabe eta petrolioa hurrengo krisiaren mehatxu denean, krisia eragin zuen politika eredua jarri nahi du martxan Getxoko Udalak. Herri mobilizazioekin 2007an sarraskia gelditu bagenuen, besteak beste, krisiaren “laguntza” izan genuelako da, argi baitago Udalak ez dituela herritarren eskaerak aintzat hartzen; bestela, zergatik jarri du berriro martxan Andra Mariko urbanizazio plana? Ahaztu al zaizkio 2007ko herri mobilizazioak? Ez al ditu entzun Hezetasuna auzoko kexak? Ez al ditu Tosuko mobilizazioak ikusi? Zergatik itxi behar izan dira Erromoko nagusiak Zaharren Etxean?
Getxoko Udalak, 2007an, LPPren babesean eraiki nahi izan zituen 8.368 etxebizitza Andra Marin; nola zilegituko ditu orain bere asmoak LPP ere aurka duenean? Udala herri amnesiaren zain egon da, herria baretzearen zain… Baina nola ahaztuko dugu gure lurren kontura betetzen dituzuela poltsikoak? Ahaztura zuena da, krisi arteko amnesia. Herritarrak zuek sorturiko krisiak eragindako miserian itota gaude.
Parte-hartzea, partxe
Hitzarmenak garrantzia izugarria ematen die Udalak erabili dituen prozesu parte-hartzaileei, bereziki “Lantalde” delakoari. “Erabili” diogunean “manipulatu” zentzuan da; bestela, nola da posible 2007an herriak erakutsitako aurkakotasunaren ostean, herritarren izenean antzeko plan bat abiatzea? Lantaldean “parte-hartu” zuten gehienek haserre bukatu zuten, eta hala adierazi komunikatu batean, partaidetza iruzur galanta zelako. Bileretara hurbildutako jende kopurua gutxituz joan izana ere bada zerbait gaizki egin izanaren adierazle. Udalaren inposaketak demokraziari egindako zuloak estaltzeko partxea izan da “parte-hartzea”.
Hitz aurrerakoiak aspaldiko asmoak zuritzeko
Haien asmoen jakitun hitzarmena irakurriz gero, iraingarria da darabilten terminologia sasi-aurrerakoia. Horretarako balioko zuen “Lantaldeak”, hitzen bitartez ekintzak apaintzeko, zuritzeko. Besteak beste, hirigintzan genero ikuspegia, klima aldaketa eta baliabide naturalen erabilera kontuan hartu behar direla diote. Baina hitzak baino ez dira. Argi utzi zuten haien onurarako hitzak zentzuz aldatzen adituak direla “haizeak” hesiak bota zituenean ekintza biolentoa izan zela esan zutenean. Edo “haizeteak” 40.000 €tako kalteak eragin zituela esan zutenean; hesi zaharrak soldatzen ikusi genituela kontuan izanik, 40.000 €ren puntua dezimal bereizlea dela eta beraz 40 € izango zirelakoan gaude, gainontzeko zeroak... patrikara!
Genero ikuspegiari dagokionez, emakumearen ustezko ahultasunaren aitzakia pean kontrol zibilerako neurriak baino ez dituzte hartuko; farola eta kamera gehiago negozioaren mesederako, noski. Klima aldaketari berriz, ez dio mesede egingo autoentzat egin nahi dituzten azpiegiturek, ez eta berdeguneak desagerrarazteak ere. Eta baliabide naturalen erabilerari dagokionean, ziur dirua nola “Landatu” aztertzen dabiltzala. Gune berdeak zaindu nahi dituztela, parkingari jarri nahi dioten belarrezko teilatua bezain zintzoa baita.
Sare hidrografikoa
Sare hidrografikoa zaindu behar dela aipatzen dute akordioan. Tosun parkinga egiteko akuiferoa suntsitzeari buruz ari dira? Ibarbengoako metro geltoki fantasma eta auto-zinea egitean desagerrarazi zuten Granada errekari buruz agian? Ibeta estartako Sarri errekastoa etxeak eraikitzeko estaltzeari buruz bestela? Ulertzekoa da, etxeetako hezetasunak kentzeko produktuen salmentarekin borobildu nahi
izango dute negozioa.
Zein izango ote da Getxoko sare hidrografikoa indartzeko hurrengo neurria? Aquaparka? Getxotik pasatu gabe zuzenean Bilbora joango diren “giriz” beteriko gurutzontzientzako kaia?
PPren usaimena
Zer usaindu ote du PPk oposiziotik PNVren bidelagun leial izatera pasatzeko? PP, arrazoi ekologistengatik ez bazen ere, orain arte Udalaren hirigintza proiektuen aurka agertu da. Badakigu PPk ustelkeriarekin batere zerikusirik ez duela, baina ez da izango PNVk espekulazioaren pastel zati majoa onartzera behartu duela? Akordioari kiratsa dario.
Landak ez ditu patatak gustuko
Landaren hitzetan, akordio hau “patatas calientes” delakoak ekiditeko egin da. Aurkakotasun sozialak zein politikoak gelditutako proiektuak dira Imanol Landaren “patata bero” horiek. Argiztapen egokia eta presentzia polizialaren areagotzea aipatzen ditu “patata beroak” ekiditeko neurri bezala. Ez ditu aipatzen dagoeneko enpresa pribatuen onurarako Tosun jarritako kamera garestiak, ez eta bertatik egunero igarotzen diren “polizia sekretak” ere.
Argi utzi dute herri parte-hartzailerik nahi ez dutela eta ezein oposizio, kontuan izatetik urrun, errepresio eta jazarpenaren bidez desagerrarazi nahi dutela. Imanol Landak ez ditu patatak gustuko, horregatik utzi nahi gaitu landarik gabe... baina lur txiroan ere indartsu hazten dira patatak.
LPPren irakurketa
Ez pentsa LPPren berrikuspenaren balorazio guztiz positiboa egin dugunik. Badakigu lurrak bukatzen ari zaizkienez, espekulazioa beste norabait bideratzeko maniobra dela: egoera onean dauden eraikinen eraiste eta berreraikitzea, garraiorako azpiegitura faraonikoak… Horien adibide dira gentrifikazioaren izenean Erromoko Zaharren Etxea bota nahia, zein, jakin berri dugunez, Artatzako biribilgunetik Portugaletera egin nahi duten tunela. Berri “ona” litzateke behintzat naturaren kontu espekulazio gehiagorik gauzatuko ez balute… baina LPPk gomendatu besterik ez du egiten, eta Getxoko HAPOk entzungor egingo dio jarrera
atzerakoiz.
Grazia gutxi
Umorez hartu beharrekoak ere badaude hitzarmenean, txakurrentzako parkeena esaterako. Airea puxikaz bildu eta saltzearen modukoa ez da hori? Larre bat baino zer gehiago behar du txakurrak? Txakurren kontu espekulatzea ere… Haurrentzako parkeei estalkia jartzen segituko dutela ere aipatu dute akordioan. Zenbat
parke estali daude dagoeneko Getxon? Ziur ezkutuko negozioren bat dutela haurrentzako D bitaminaren suplementuekin.
Badirudi iritzirik eman ezin dutenen kontura aberastu nahi dutela: txakurrak, haurrak... Zaharrekin ere saiatu dira Erromon, baina EAJren gozokien teknikak ez die balio izan. Ahaztu dute, antza, bizitza borrokan eman duten zaharrekin ari direla.
Ondorioa
Gutxi batzuen diru-gosearen mesederako urbanizazio neurrigabe eta zentzugabeak dakarkigun etorkizun grisa ekidin nahi badugu, ezin gaitezke instituzio kontraesankorrek herritarroi jaramon egitearen zain egon. Etxe hutsak egonda, gazteek herritik alde egitea nahi duen Udala ez da herriarena, merkatuarena da. Itzulezinak diren proiektuen inguruko galdeketarik egiten ez duen Udala ez da demokratikoa, inposatzailea da. Nekazalguneetan enpresa pribatuentzako parkea jartzen duen Udala ez da burujabea, mendeko menderatzailea da. Autoen erabilera sustatzeko akuiferoak suntsitzeko prest dagoen Udala ez da ekologista, arduragabea da. Ditugun baliabide guztiak erabili beharko ditugu sarraski hau ekiditeko, ez da nahikoa izango hurbil dauden hauteskundeetan porlanezko akordioaren partidu hirukoitza zigortzea, espekulazioaren sustraiak are sakonagoak baitira. Udalak ez digu entzun nahi, antolatu behar dugu, mobilizatu, eta orain izan behar du; urbanizazioa itzulezina baita. Bestela, naturaren indarrek leku egin dezaten baino ez zaigu geratuko.
Gora Tosu! Gora Getxo! Gora berotzear dauden patatak!