Badatoz topaketak!

Erabiltzailearen aurpegia UK gazte topaketak 2016ko mai. 16a, 22:50

Bi aste baino gutxiago geratzen dira Uribe Kostako gazte topaketetarako, egun bat zeinetan herri ezberdinetako gazteak eta motibazio eta interes ezberdinak ditugunak, gure artean ezagutu, sareak sortu eta alternatiben inguruan hitz egiteko aukera izango dugun.

Aupa Uribe Kostako gazte hori!

Beharbada oraindik honen berririk ez duzu izan, baina zita garrantzitsua dugu Maiatzaren 28an! Izan ere, Uribe Kosta mailako gazte topaketak izango ditugu Plentzia-Gorlizko Danontzat gaztetxean.
Eta galdetuko duzu, zertarako topaketa hauek?

Urte aberasgarria izan da aurtengoa gazte mugimenduarentzako. Gure artean ezagutu, saretu eta alternatiba zehatzen inguruan hitz egiteko tartea izan dugu Oñatiko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketetan eta Usurbileko jardunaldiak bezalako ekimenetan, eta aurrera begira, bide horretan jarraitzeko beharra dugu.

Uribe Kostari dagokionez, gogo, iniziatiba eta motibazio horiek eskualdean ere sareak sortzeko balio behar dute, eta hala egingo dugu Maiatzaren 28an izango diren topaketetan. Eremu ezberdinetan lanean gauden edo motibazioa dugun gazteak batu gara eta egitarau anitz eta zabala duen egun osoko planteamendua antolatu da: feminismoaz aritu, musikeroen artean sareak sortu, alternatiba sozioekonomiko berriak ezagutu, eta beste hainbat esparru ezberdinen inguruan aritzeko aukera izango dugu.

Hona hemen eguneko kartela, bertan antolatuko diren saio guztiekin. Hurrengo egunetan, informazio gehiago emango dugu bertan antolatuko diren tailer eta saio guztien inguruan, baina momentuz data agendan gordetzearekin nahikoa!

Beraz, animatu parte hartzera!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun