Hilabete bi igaro dira topaketak antolatzeko prozesuari ekin genionetik. Apirilaren hasieran egindako eskualde mailako asanbladan, herri ezberdinetako gazte mugimenduko kideak batu ginen, interes eta motibazio ezberdinekin. Hala ere, maiatza bukaeran eskualde mailako topaketak antolatzea erabaki genuen, eta erronka horri begira lanean burubelarri jarri ginen. Horrela, interesen araberako lantaldeak sortu eta topaketetan saio ezberdinak prestatzeari ekin genion.
Lan horren guztiaren ondorioak dira aurreko asteburuan egindako topaketak eta hauen egitarau oparoa. Bertan, eskualdeko herri ezberdinetan antolatuta dauden gazteak batzeko aukera izan dugu eta prestatutako saioetan, era kolektiboan hausnarketa ezberdinak eman eta aurrera begira eman beharreko pausoak marraztu ditugu: feminismoa eremu guztietan landu beharreko borroka dela ondorioztatu dugu, musikeroen artean sareak sortzearen beharra nabarmendu da, hezkuntza formal zein ez-formaleko esparruetan eragiteko mekanismo berrien beharra identifikatu dugu,… orokorrean, gaur egungo ereduaren aurrean, esparru guztietan alternatibak eraikitzeak duen garrantzia azpimarratu dugu.
Nahiz eta saio bereziturik ez egon horretarako, “Eraikuntza lanetan” dinamika nazionalak planteatutako mapeoak ere bere tartea izan du topaketan. Egunaren hasieran, arlokako saioak hasi baino lehen, mapeo kolektiboaren dinamika azaldu zitzaien topaketara hurbildutako gazteei eta deia zabaldu zaie lantalde nazionalek planteatutako elementuak beraien herrietan mapeatzeko. Horretarako, eskualdeko mapa eta dinamika azaltzen duen eskema panel batean mantendu dugu egun osoan zehar, eta saioak ez zeuden tarteetan, mapa osatzeko aukera izan genuen.
Behin eguneko saio guztiak bukatuta eta eskualdeko mapeoa osatuta, egunari amaiera eman genion guztion artean egindako plenarioan. Bertan, topaketak bezalako planteamenduen garrantzia nabarmendu genuen, gazte mugimendua batzetik haratago, borroka berriak pizteko aukera ere ikusten dugulako. Ondorio horiekin, aurrera begira lanean jarraitzeko indarrez gainezka atera da Uribe Kostako gazte mugimendua.