Ume nintzela zabaldu zituen ateak haren dendak, orain dela bi hamarkada luze. Inguruko umeok, ordura arte, ikusi gabeak genituen kolore eta marrazkiz bete zizkigun begiak. Oroitzen naiz irekierak eragindako zirraraz, gozokiak pilatzeko, oraindik ere, erabiltzen den plastikozko poltsan “Miki”-ren irudi xaloak sortutako txundimenaz. Gogoratzen naiz, ederki gainera, zabaltzeak ekarritako berritasunaz. Berehala, haur eta nerabeen paradisu bihurtu zen Bidebieta kaleko komertzio txikia. Pozik joan ohi ginen umeok geure altxor kuttunen bila. Oraindik, baina, ezin genuen jakin altxorrik ederrena dendaria bera zela.
Esan bezala, bi hamarkada luze, mende laurden inguru eta urte horietan guztietan Jose Luisek ez dio sekula huts egin irribarrearekin adostutako hitzorduari. Saltzen dituen gozokiak baino are berba gozoagoz, agurtu ditu, agurtu gaitu, banan-banan, hara hurbildu garen guztiok. Jatortasunak egin du ezagun Jose Luis. Egunez egun erakutsitako zintzotasun eta gozotasun liluragarriak.
Tamalez, pertsona bereziei ere une desatseginak bizitzea suertatzen zaie batzuetan. Azken bolada ez da gozoa izan. Duela hilabete batzuk parez pare irekitako denda erraldoiak kolokan ipini zuen denda xumea. ( Beste artikulu baterako utziko dugu era horretako konpetentziarekiko dudan iritzia) Hala ere, benetan latza izan den belarrondokoa beste nonbaitetik etorri zen orain dela aste batzuk. Osasun arazo batek gogor eraso du, harik eta haren bizia ere arriskuan jarri arte. Ordutik, herrian ez da haren osasun egoeraz arduratu ez denik. Batzuk etengabe ari dira galdezka, beste batzuek euren baitan gordetzen dute kezka. Nolanahi ere, laster osatu dadila nahi du herriak.
Gertuko batek esana dakit bide onetik doala. Eta zailtasunak zailtasun aurrera doala urratsez urrats. Laster etxean izango da.
Iruditzen zait, gehienetan, erraz botatzen ditugula kritikak eta nekez miresmen hitzak. Nik neuk halaxe egiten dudala aitortzen dut. Pertsona berezi batek, ostera, jarrera berezia eskatzen du.
Irits dakien hari eta haren senideei herriaren indarra eta maitasuna. Ikus dezagun, lehenbailehen, Jose Luis, morenitoekin batera, irribarreak oparitzen.