Beste behin ere, giza eskubideen urraketa baten aurrean aurkitzen gara
Gaur, beste behin ere, giza eskubideen urraketa baten aurrean aurkitzen gara. SAREk euskal presoen giza eskubideen aldeko jarduna du ardatz, baita hauen senide eta gertukoenen giza eskubideena ere. Eta bide horretan onartezina iruditzen zaigu, presoen oinarrizko eskubideak lantzen dituzten bi elkartetako kideak atxilotzea. Onartezinak izateaz gain, jendarteak ez ditu ulertzen eta, gainera, presoentzat ezinbestekoa den asistentzia oztopatzeko asmo argia justifikaezinak dira. Ez da ulertzen zein delitu egon daitekeen presoen eskubideen alde senideen naiz osasun arlotik (gaurko atxilotuak Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteko kideak izan dira) egiten den lanean. Zein da delitua? Guztiz ulergaitzak eta justifika ezinak egiten zaizkio euskal jendarteari gaurkoa bezalako polizia operazioak.
Espainiar gobernua, beste behin ere, mundu guztiaren begietara nabarmen geratzeak baino gehiago arduratzen gaitu, senideak atxilotu eta preso diren pertsonak osasun berme edo sostengu gabe uzteak.
Ez dugu uste kasualitatea denik atxiloketa hauek momentu zehatz honetan eman izana. Atzo ezagutu genuen mundu mailako 24 pertsona ezagunek Bruselan aurkeztutako adierazpena, zeinetan dispertsioaren amaiera eta Arnaldo Otegi aske uztea eskatzen duten. Hori da jarraitu beharreko bidea, ezinbestekoa da europan eta munduan gure herrian giza eskubideak etengabe urratzen direla ezagutaraztea. Oinarrizkoa da arazoa nazioarteratzea, eta zentzu horretan, atzoko adierazpena ekarpen oso garrantzitsua da.
Ekimen puntualez haratago, beharrezkoa da guztiok egin dezakegun eguneroko lanaren bitartez egoera hauekin amaitzea. Eskubide urraketa ororekin amaitzeko Sare indartsu bat osatzea ezinbestekoa izango dugu, egunez egun euskal preso, iheslari eta deportatuen, hala nola, hauen senide eta hurbileko inguruaren giza eskubideak errespetatuak izan daitezen ozen aldarrikatuko duen Sare bat sortzearen beharra dugu. Ezberdinen artean, guztion artean, irekita dirauten zauri hauek ixteko bidean jartzeko garaia da.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.