[Urriak 29 • AZKEN OSTIRALA] Motxiladun umeak, gurasoekin bizitzeko eskubidearen alde

Erabiltzailearen aurpegia SARE Algorta 2021ko urr. 28a, 09:40

Ba al zenekien 19 urtez gurasoa preso duen ume bat, guztira 15 egun besterik ez dela berarekin egon zigorrak iraun bitartean?


Adingabeak gure komunitateko zatirik zaurgarriena dira eta ezin dugu onartu espetxe politika arbitrarioa euregana hedatu dadin. Euren gurasoei salbuespen legeria eta kartzela erregimen ez-ohikoak aplikatzearen ondorioz, haur eta nerabe hauek zigor bikoitza pairatzen dute, inolako deliturik egin ez badute ere. Lehen zigorra, guraso presoaren gabeziarekin bizitzea da, hutsune emozional horrekin bizitzea; familia bizitza normalizatua garatu ezina. Bigarren zigorra, aita, ama edota biak inoiz kalean eta euren ondoan ikusteko itxaropenaren ukazioa da. Gainera, gurasoak espetxean dituzten gainerako haurrekiko diskrimazio argia bizi dute motxiladun haur-nerabeek. Lege arrunta aplikatuz gero, posible bailitzateke haur hauek baimen bidez (asteburuetan, gabonetan nahiz euren urtebetze egunean, esaterako) gurasoak etxean izatea; edota zigorraren 1/4a beteta, hiruarren graduan ama-aita kalera ateratzea. Zer esanik ez 3/4ak beteta dituzten gurasoen kasuan; euren seme-alabekin etxean leudeke dagoeneko. Beraz, ume hauei egungo ez-ohiko legediak ama-aita etxean izateko itxaropena ukatzen die.

Haur-nerabe hauek babes sozial eta familiar garrantzitsua badute ere, inork ezin du euren aita eta amen hutsunea bete. Hau da, haur hauen kasuan, aiton-amonen, izeba-osaben, nahiz beraien inguruaren sostengua ohikoak badira ere, euren amek eta aitek bete ezin dezaketen hutsunea nabarmena da eurengan. Eta, hutsune hori, ezin du beraiek ez diren beste inork bete. Guraso presoak ez dira inolaz ere ordezkagarriak.

Kartzela politika hau mantenduz gero, haur eta nerabeen etorkizunean nahiz garapenean ondorio lazgarriak eragingo dira. Egoera honi irtenbidea bilatu asmoz, SAREk premiazko hainbat neurri proposatzen ditu:

Motxiladun haurren gurasoei lege arrunta aplikatzen hastea. Neurri horrek euren gurasoekin denbora gehiagoz egotea ahalbidetuko luke, ondorioz, ama-aitaren gabeziak eurengan duen eragina leundu eta, kasu askotan erabat gainditu egingo litzateke.

Ohiko legearen aplikazioak berehalako ondorio hauek izango lituzke:

 - Zigorraren 3/4ak beteak dituenez, automatikoki euren seme-alabekin etxean beharko lukete gaur bertan, beste edozein arrazoirengatik kartzelan dauden guraso guztiak bezalaxe.

 - Epaiturik dauden gainerako gurasoentzat 3.gradua erabat aplikatzea, legeak dioen bezala, askatasun mugatuan bizitzeko eskubidea baitaukate.

Iraganean presoen seme-alabak helburu politikoetarako erabiliak izan dira, eta gaur egun, oraindik ere, erabiliak izaten jarraitzen dute. Haurrak gure komunitateko zatirik zaurgarriena osatzen dute. Ezin dugu gaur egungo espetxe politika gizagabea euregana heda dadin jarraitzen utzi.

Honengatik, ume hauek gurasoekin hazteko duten eskubidearen defentsan; ostiral honetan, urriak 29, 20:00etan daukagu zita Telletxe plazan. Bertan ikusiko dugu elkar!
 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun