Ariketa erraza eskatuko dizuegu, denok azken 20 urteotan bizi izan duguna irudikatzeko eta, beraz, ulertezina gerta dakiguke, 20 urte nahikoa ez eta giza eskubideen aldeko aldarrikapenez ahoa gainezka duten horiek euskal preso politikoekin salbuespenezko legedia erabiltzen jarraitzea. Hau da, bizitza osorako zigor ezkutua. Izan ere, Manexi legedi arrunta aplikatuko balitzaio eta Estatu frantsesean betetako urteak kontuan hartu, dagoeneko hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna onartu beharko litzaizkioke.
Europako Kontseiluak 2008an Europar Batasuneko herrialdeetan betetako kondenak akumulatzeko esparru-erabakia onartu zuen, baina Espainiak, bere horretan aplikatu ordez, beste lege bat sortu zuen, akumulazioa oztopatzeko. Beraz, Europako Kontseiluak agindutakoa betetzeko eskatzen diogu gobernuari.
Mendeku bila ibilita ere, egoera honek ez dio inori mesederik egiten, herri honen mina areagotu baino ez du egiten, eta denok lan egin behar dugu presoen itzulerarekin normalizazioa eta benetako bakea erdiesteko.
Hori dela eta, aurrerantzean antolatuko diren ekimenetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu. Bada garaia, Manex alabarekin, gurasoekin eta lagunekin kalean bizitzeko.
Datuak:
- 2002an atxilotu zuten Frantzian. Frantzian 10 urteko zigorra ezarri zioten eta 2009an bete zuen kartzelako erredentzioak aplikatuta. Horren ostean, Espainiara bidali zuten.
- Espainian 30 urteko zigorra ezarri.zioten. 1995eko Kode Penalarekin epaitu zutenez, ezin ditu 30 urte baino gehiago egin kartzelan, baina erredentziorik ere ezin du izan.
- Frantziako eta Espainiako kondenak batuta, 30 urte bete beharko lituzke atxilotu zutenetik. Zigor biak batuta, 23 urte bete dituenez, 3/4ak, alegia, 3. graduan eta baldintzapeko askatasunean egon beharko luke.
- Zigorrak batu gabe, 40 urte bete beharko lituzke. Modu horretan, zigorraren 1/4 beteta, une honetan, kalera irteteko baimenak izan beharko lituzke.