Euskaltegiko irakasleei gorazarre

Erabiltzailearen aurpegia Armando Llamosas 2015ko abe. 11a, 14:38

Euskaldun berriaren esfortzua goraipatu dute gure instituzioek. Ni, euskaldun berria naizenez, pozten naiz. Merezitakoa ala ez, gutaz gogoratzea beti gustatzen zaigu (ego kontua ote). Denetarik dago leku guztietan, baina inbidia eman dit nire lagun euskaldun zaharrek euskararekiko daukaten erraztasunak. Soziolinguistek esango dute inbidia hori sanoa den, edo infernu linguistikora joango naizen.

Gaurko Berria-n, Bizkaiko hitzan, Igor Elordui AEK-ko irakasleak artikulu interesgarria eskaintzen digu, euskaltegiko irakasleen alde, hain zuzen ere. AEK-ko irakasleak AEK-ren bizitza arin azaltzen du: arazoak, oztopoak (barruko eta kanpokoak) eta lorpenak (makalak ez dira eta). Azken bi paragrafoetan euskaltegiko irakaslearen garrantzia azpimarratzen du. Artikulua garratza iruditu zait, tristeziatik eginda bide dago; ordea, arrazoia du egileak.

Artikulu horrek gogorarazi dit nire ikas bidea. Zorionez edo tamalez euskaltegi, eredu eta leku asko bisitatu ditut: AEK, IKA, Leioa, Mateo Zabala... Hausnarketa (txiki) bat egin ondoren ondorioa beti bera da: sistemak zein lekuak egokiak izan behar dute ikaslearentzat, baina ikasleak dena zor dio irakasleari.

Irakasle txarrak izan ditut (baten bat oraindik eredu moduan jartzen dut, joder baietz! ze elementu!) Baina gehien-gehienak onak izan dira, batzuk bikainak. Horiei esker euskara maitatzen ikasi nuen (nik eta ikasle askok). Lerro txar hauek idazten ikasi nuen, eta erabiltzeko beldurra galdu nuen. Nik eta askok, omendutako euskaldun berri guzti horiek. Hor daude: Bakarne, Josu, Iñaki, Gotzone, Pablo, Nekane... arraroak, majoak, berritsuak, isilak... urte asko pasa dira, eta haien izenak gogoratzen ditut, seinale ona.

Ez dago zalantzarik. Euskaltegiko irakasleek gure errekonozimendua merezi dute; oroimenak ez ezik, haien lana modu duina ere egiteko ahalmena merezi dute. Jakina baietz. Arazoak arazo, oraingo euskaldun gehienak haiei esker hemen gaude, gutxi izan liteke, baina ia-ia dena izan da euskararentzat.

(Barkatuko didate nire irakasle ohiek, akatsaren bat badago; azken finean, haien errua ere bada)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun