"Euskal Harriaren ABDa" irri egiteko beldurrezko film laburrak

Erabiltzailearen aurpegia Armando Llamosas 2016ko ots. 14a, 10:29

"Euskal Harriaren ABDak" film laburrak gure herrietan

Pasa den astean, filma laburren emanaldi bat eskaini ziguten Viilamonten (Getxoko kultur gunea), ez dakit ondo nork. Titulua Euskal Harriaren ABDak.

Kolektibo batek alfabetoa erabiltzen du 26 film labur-labur egiteko. Nik A-tik J-ra ikusi nituen. Aurreratzen dut: oso gustura atera nintzen, ideia freskoa eta dibertigarria da-eta.

Esan dudanez, A-J filmak ikusi nituen. Irregularrak; batzuk oso onak, beste batzuk jasanezinak; batzuetan nabaritzen zen profesionaltasuna, bestetan inprobisazio hutsa; batzuetan baliabideak, bestetan jaunartzeko makina. Hala ere, 3 minutuko filmak direnez, txarrak berehala pasatzen dira, eta onak gehiagoren nahia ematen dizute. Edozein kasutan, gehienek freskotasuna eman zidaten.

Jakina, Oscarreko filmak ikusi nahi dituenak ez du joan behar. Asmoa ez da hori ere, ezta hurrik eman ere! Film laburrak ikusteko ohitura duenak, ordea, disfrutatuko du, bai filmekin, bai ideiekin. Dakigunez, gaurko beldurrezko filmak %100 efektu bereziak dira, hau da, aurrekontua. Horregatik ABDko gaia aitzakia besterik ez da, zerbait kolektiboa eta freskoa egiteko. Ideiak, garrantzitsuena, onak dira benetan, baten bat izan ezik, oraindik ez dut ulertu eta (3 minutuko luzea aplikatu behar da).

Ekitaldia ondo haizeratu zuten antolatzaileek (ohiko akatsa): kartelak, web, betiko prentsa... Hala eta guztiz ere, lau katu ginen. Horretan, Getxoko soziolinguistika eta gutxiengoentzako ekitaldia zela kontuan hartu behar dugu.

Zerbait kritikatzeko, azpimarratuko nuke antolatzaileen gabezia bat, askotan gertatzen dena. Ondo azaldu zuten, ahoz, zein zen asmoa, zertarako (?) egitura... baina ez zegoen ezta orri ziztrin bat ere lanak azaltzeko, egileak edo dena dela etxera eramateko. Ez da beharrezkoa sekulako foileto bat, folio ziztrin bat baizik. Falta hori askotan gertatzen zaigu herriko ekimen "umiletan". Fotokopia tolestu miserable horrek egindakoari gehiago iraunarazten dio, zerbait idatzita etxera eramaten baitugu; beraz, balioztatzen du ekimena.

Antolatzaileek ziotenez, apirilean denak emango dituzte Algortako frontoian, aukera ona barre egiteko burutazioekin, lasai, erlaxatuta, lagunen artean eta garagardo, edo kafe, batekin.

Ideia ona da; eta, arazoak arazo, beste idei onak edo berbera hobetuta ekar litezke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun