Jakina denez, kanpotik datozenak, gehietan, guri gertatzen zaigun bezala Europan, ez dakite ezer gure herriez, gure mendiez, gure historiaz... Gehienez jota, lau zertzeladak izango dute: estereotipoak, erdi egiak, erdi gezurrak… Izenak menperatzea, soilik, oso zail egin behar zaie. Gainera, haren egoera ekonomikoak, onena ez ohi dena, ez die ematen “turismo“ egiteko aukera; beraz, bizi den herria eta Bilbo ezagutuko dute, baina… nor ausartzen da Bizkaia sakonean sartzera? Are eta gehiago, Euskal Herria sakonean?
Bidaian, Garai, Argiñeta eta Elorrio erakutsi zieten. Hirurak historian garrantzitsuak badira ere, gehiago gure mentalitatean, oso enblematikoak baitzaizkigu. Nor ez da joan Elorriora? Taldeak, oso anitza, gogoz entzun zituen azalpenak, adi, umeak egon arren. Galdetu zizkioten kezkak eta dudak. Azaldu zuten haien kulturarekin aldea, eta, laburbilduz, gutaz parte hartu zuten.
Programa berean, Gernika, Enkarterriak eta Urkiola, besteak beste, ezagutu dute; Bizkaian bizi garenok ezagutu eta maite behar ditugun lekuak, bertan jaioak edo urrun. Horregatik, honelako aktibitateak ezinbestekoak dira. Sarritan, eskatzen diegu euren kultura eta bizitzako ohiturak uztea; baina gutxitan eskaintzen diegu gure kultura ezagutzea eta ulertzea.
Getxoko Udalak programa hori laguntzen omen du. Onurak ikusita, guztiz asmatu du udalak. Horrelako bidaiak integrazioa eta elkar ezagutzarako, hamaika lege baino askoz hobeak dira eta.