Inauteriak pasatu dira. Egun hauetan hitz asko entzun ditugu: lur, tradizio, mozorro, zomorro, alkohol...; baina nagusia transgresio hitza da. Inauterien garrantziaren gakoa, oso zaharrak izateaz gain, transgresioa da. Inauterietan herriak botereaz barre eta iseka egiten du; eraso egiten dio. Lehen, transgresio-mozorroak argi zeuden: apaiza, guardia zibila, alkate edo politikaria, moralaren kontrakoak... Oraingoak, aitzitik: apaiza, guardia zibila, alkate edo politikari moralaren kontrakoak...
Azken hamarkadan asko aldatu dira inauteriak; formalizatu eta umetu egin dira. Hain antolatuta daude, ezen inprobisaziorako leku gutxi baitago. Botereen kontra joateko beste ubide batzuk ireki omen ziren: hauteskundeak, parte-hartzea... Ez zen beharrezkoa aurpegia estaltzea aldaketak eskatzeko eta Ezetz esateko.
Hala ere, azken urteotan, Mahomaz barre egiteagatik hiltzen zaituzte, jainkoari buruzko txisteek isunak eta kartzela merezi ei dituzte, poliziaren mozorroak debekatu nahi dituzte autoritateen kontra joateagatik; sexuarekin kontuz ibili, moral-pertsonak ez isekatu, sexista ez izan, eta LGTBren kontra ez joan... Galizian, erizain sindikatu batek erizain sexy mozorroak debekatzeko eskatu du, haien kontra doaz eta (?). Ume-jai bihurtuko ditugu inauteriak.
Une honetan, ordea, politikoki zuzenaren, kontrolaren eta puritanismoaren unean, inauteriak guztiz beharrezkoak dira. Egun batzuk dauzkagu guztiaz iseka egiteko; gainontzeko egunetan, saia gaitezen polizia herrian integratzen, erlijioa herriaren zerbitzuan egoten, sexu-harremanak berdintasunean eta askatasunean izaten eta erizain lana hain feminizatua izan ez dadin lan egiten. Inoiz baino gehiago behar ditugu betiko inauteriak.