Ametsen liburuaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Ataramiñe 2016ko api. 26a, 10:25

"Ametsen liburua" aurkeztuko da Algortan apirilaren 26an.

Berezia da liburu hau, bakuna eta ezohikoa. Ehunka autore dituelako eta baita altxor moduan bere barruan gordetzen duenagatik ere: paperezko kutxa honetan emozioak, gurariak, itxaropenak ezarri dituzten gizon eta emakumeen ametsak. Askatasun ametsak.

Galdera xumea da egitasmoaren sorrera: Presoek zer dute amets? Zer amesten dute exiliatuek, urrutietara deportatuek...? Galdera hauxe egin zitzaien arrazoi politikoengatik oraindik espainiar, frantziar edo munduko beste lekuetako hamaika kartzeletan dauden bostehun inguru euskal herritarri. Eta baita iraganean exilioa, konfinamendua edo deportazioa ezagutu duten –edo oraindik hori bizi duten– beste ehundakari. Beraiek ezagutzen dituzte askatasun gabetuek soilik adierazi ditzaketen ametsak.

Modu literarioan, grafikoan edo artistikoan lan honetan parte hartzeko gonbidapenak espazioa zuen, arrazoi teknikoengatik, baldintza bakarra: folio baten alde batean egitea eskatu zitzaien guztiei, eta emaitza agerian dago. Laurehundik gora egilek egin dute euren ekarpen eskuzabala, eskuz margotuz eta idatziz askotan, beren desio, ideal edo gogoeten adierazpenarekin, eta originalaren erreprodukzio leiala dakarte ondorengo orrialdeok. Espazio eta garrantzia berdina eman diegu guztiei.

Beraien hitza eta ahotsa dira. Eta egilearen irudia, ahal izan den kasu guztietan espetxean edo desterruko paisaia arrotzetan egina. Hori ere berria eta ohiz kanpokoa da. Modu horretan, espetxeko lehotzetan ere etorkizun hobe bat amesten duten haien aurpegia eta bekera argitara atera nahi izan du liburu honek. Eta gure herriak oraindik ere bizi duen egoera mingarriaren lekuko izan.

Euskal artista kopuru handi samar batek beren irudimena eta talentua emanez espresuki eskainitako obrek osatzen dute sormenbatza hau, gizakiaren askatasun nahiaren metafora gorenaren adierazpen honetan.

Liburuak 426 lekukotasun jasotzen ditu, Uribe Kostakoak ere bai. Aurkezpenean izango dira Jokin Urain, liburuaren koordinatzailea, eta Getxoko hiru preso-ohi, liburuan parte hartu dutenak: Kerman Urizar Mako, Bego Ezkerra eta Iñaki Gonzalo "Kitxu".

Aurkezpena apirilaren 26an -asteartea- izango da, Algortako Villamonte Kultur Etxean, 19:00etan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun