Egia da euskara hizkuntza ofizial izendatuta dagoela EAEn Estatutua (1979) eta Nafarroan Foru Hobekuntza (1982) onartu zirenetik, azken honetan eremu euskaldunean soilik bada ere. Ofizialtasun deklarazioak munta politiko eta juridiko handia du, edo, behintzat, izan beharko luke. Izan duen eragin praktikora bagoaz, hezkuntza sisteman euskararen presentzia ezartzea eta herritar euskaldunak administrazio publikoen ardurapeko zerbitzu eta erakundeekin euskaraz aritzeko eskubide subjektiboa lirateke nagusiak; utz ditzagun aldera, gaurkoan, bataren zein bestearen gabezia eta hutsegiteak.
Baina erkidego edo eremu baten euskara hizkuntza ofizial izendatu izanaren ondorioak ezin dira mugatu, arlo publikoari dagokionean, administrazio eta zerbitzu harremanetara; alegia, hizkuntza ofizialaren ezagutza eta erabilera ezin dela soilik euskal hiztunekin –erreserbako indioak bailiran– harreman zuzena izan behar duten administrazio-zerbitzarien kontua izan: arlo politikoan ere ondorio zuzenak izan beharko lituzke hizkuntzaren estatus ofizialak. Gauzak oso bestelakoak dira, tamalez, oraintsuko bi adibidek erakusten diguten bezala.
Lehen adibidea Jose Iribas, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, botatako ergelkeriak jarri digu: “ni todos los españoles tenemos que bailar flamenco ni todos los navarros que aprender euskera; no se es mejor navarro por saber euskera”. Tira, nafar hobea ez dakit, baina euskaraz ere badakien nafarra nafar osoagoa behintzat badela esango nuke; eta, are motibo gehiagorekin, nafarren hezkuntza sistemaren arduradun osoagoa eta hobea litzatekeela kontseilari euskaraduna. Agian Arestik Tomas Meaberi eskainitakoari kasu egingo balio (“sólo es español quien sabe, Meabe, las cuatro lenguas de España”) piztuko litzaioke Iribasi, espainiartasunaren garrari esker, nafartasuna pizteko gai izan ez zaion euskararekiko grina.
Bigarren adibidea, garai batean Erandion eta 2011tik Getxon PPko zinegotzia den Javier Ruizek eman digu. Bere alderdiak Bizkaiko Ahaldun Nagusirako aurkeztuko duela eta egin dioten elkarrizketaren hondar galderari (“¿Habla euskera?”)horrela erantzun dio Ruizek: “Soy de una familia euskaldun por parte materna, aprendí euskera en casa, más que castellano, y a lo largo de los años, por el desuso, se me ha ido olvidando, me da mucha pena, aunque todavía chapurreo algo en vizcaíno.” Beraz, bizkaitarren ordezkari nagusi izateko bere burua aurkezten duen gizasemeari, pena handia ematen dio umetan jaso zuen euskara galdu izanak –burusoilari haur garaiko adatsa galdu izanak eman diezaiokeen antzera– baina ez du hura berreskuratzeko ezer egiteko asmo txikienik ere azaltzen; are okerrago, “todavía chapurreo algo en vizcaíno” horrek denborarekin apur hori ere galtzeko bidean duela adierazi baitezake. Hizkuntza ofizialarekiko ezaxola erakustaldia, “el euskera vizcaíno es muy bonito y se potencia poco a nivel institucional” pitokeriarekin borobildu du, lotsagabe, euskararen aldeko ekimenen pertsegitzaile nagusia den Urquijo erregeordearen alderdikideak.
Kontua da gure artean kargu publikoetan diharduten politikari askori –diodanak berdin balio du epaile, polizia eta abarrentzat– euskara hizkuntza ofiziala duen erkidego baten legebiltzarkide, biltzarkide, zinegotzi, alkate edo presidente izateak ez diela sortzen euskararekiko iturginari edo kale garbitzaileari sor diezaiokeenarena baino erantzukizun handiagorik: ordezkaritza, estatus eta ordainsari publiko eta ofizialez gozatzen dute, baina euskara hizkuntza publiko eta ofizialarekiko ez dute hiritar soil pribatuenak bere jarduera pribatuenean duen baino obligazio handiagorik nabaritzen.
Errealitate soziolinguistikoa aipatu ohi dute, beren buruak zuritzeko, baina, denbora pasa ahala gero eta gutxiago balio duen argudio horren atzean, euskaraz ari den jendartearen sektoreari bizkarra emanda bizitzeko hautua dago. Hautu zilegia, behar bada, jardun pribatura mugatzen den bitartean; gaitzesgarria, ordea, euskara eta euskal munduarekiko mespretxua eta boikota ordezkaritza eta kargu publikoen betetzera eraman nahi baldin bada, aipatu bi kasutan gertatzen den bezala.
Errealitate soziolinguistikoaren argudioak agortzen ari den epe baterako balio dezake, gehienez ere. Hortik aurrera, gure erakunde ofizialetako batzarretan itzultzaileak beharrezko ez izatera iristen direnean hasiko naiz sinesten euskara benetan onartua dagoela hizkuntza ofizial gisa.
Ordura arte, erdipurdiko sasi-ofizialtasuna pairatuko dugu.